Katetxea eraitsi egingo dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak HITZAri esan dio eraikina bota egingo dutela, Mutrikuko Udalak egindako txostenak eraikina "hondatuta" dagoela adierazten duelako. Eremu horretarako "alternatiba ezberdinak" aztertzen ari direla aurreratu dute.
Duela hiru aste Katetxea hesitu egin zuten; errepidearen alboan hormigoizko hesiak ipini eta eraikinaren aldamenean lanak egiteko burdinazko barandak ipini zituzten. Gipuzkoako Foru Aldundiak HITZAri jakinarazi dio eraikina bota egingo dutela: “Eraikina aldundiaren jabegokoa da, eta abandonatuta egon da. Mutrikuko Udaletxeak egindako txosten batek jasotzen du eraikina egoera txarrean eta hondatuta dagoela. Horren aurrean, aldundiko teknikariek eraikina eraistea erabaki dute”.
Aldundiak esan du ezin dutela zehaztu noiz hasiko diren eraikina eraisteko lanekin. “Momentuz eremua hesitu dugu”. Aurreratu dute, eraikina eraitsi ostean geratuko den zabalunea behin-behinean itxi egingo dutela, “gune horretara inor ez sartzeko”. Aurrera begira, eremu horretarako “alternatiba ezberdinak” aztertzen ari direla esan dute. “Alternatibetako bat da eremu horretan begiratoki bat egitea. Dena dela, ez dago ezer zehaztuta”.
Historia. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikina izan da Katetxea. Bertan, 1839. urtean sortutako eta mikelete bezala ezagutzen zen Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpeko polizia taldea egoten zen. “Mikeleteak XVIII. mendean sortu ziren, delinkuentzia asko zegoen garaian”. Bizkaia eta Gipuzkoa arteko muga kateekin itxita egoten zen, eta zerga ordaindu behar izaten zen pasatzeko. Hortik dator Katetxe izena.
Guardia Zibila heltzearekin batera, aldundiak mikelete kopurua murriztu zuen, gatazkak saihesteko. “Guardia Zibilak kuartela irekitzen zuen herrietan, aldundiak mikeleteen postua ixten zuen”. Mikelete zerbitzuak 320 agente inguru eduki zituen, eta zutik geratzen diren postu gutxi batzuetako bat da Katetxea. “Aldundiak enkante bidez saldu zituen eraikin batzuk. Dena dela, zutik dauden eraikin batzuetan aldundiaren armarria ikusi daiteke oraindik”. Hain zuzen ere, Katetxearen goiko aldean ere aldundiaren armarria ikus daiteke.