Mutrikuko saltokiek zabalik dute Gabonetako kanpainan izena emateko epea
Bihartik eta domekara [azaroak 15-20] bitartean izena eman daiteke, Turismo Bulegoan edo posta elektronikoz.
Herriko merkataritza txikia sustatu eta bultzatzeko helburuarekin, Gabonetako kanpaina berezia abiaraziko du laster Mutrikuko Udaleko Garapen Sailak. “Sektoreak biziberritzea eta herritarrak gabonetako erosketak herrian bertan egitea da”.
Kanpainari ekin aurretik herriko saltokiei izena emateko aukera zabaldu diote, eta izen ematea bihartik eta domekara [azaroak 20] bitartean egin beharko da, Mutrikuko Turismo Bulegoan edo koordinatzailea.mutriku@gmail.com helbidera idatzita. Turismo Bulegoaren ordutegia:
- Astelehenetik ostegunera: 10:00-14:00.
- Ostiralean eta larunbatean: 10:00- 14:00 eta 16:00-18:00.
- Domekan: 10:00-14:00.
Aurtengo kanpainan merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu establezimenduek parte hartu ahal izango dute, baldin eta beren jarduera jendearentzat prestatutako lokal batean egiten badute, aldez aurretik ezarritako ordutegiaren barruan eta sarrera mugagabea badute. Mutrikuko udalerrian izan beharko dute establezimendu fisikoa, erakusleihoa edo mostradorea.