Zunbeltz Bedialauneta ez da Ondarroako EH Bilduren alkategaia izango 2023ko hauteskundeetan
Zunbeltz Bedialauneta: "Ia 8 urte egin ditut alkatetzan, eta uste dut lekukoa beste batzuei pasatzeko momentua iritsi dela".
Gaur egun Ondarroako alkate denak lekukoa beste bateri uzteko momentua iritsi dela dio. “Ia 8 urte egin ditut alkatetzan, eta uste dut lekukoa beste batzuei pasatzeko momentua iritsi dela. Eskerrik asko zinegotzi eta herritarroi”. Dena dela, lekukoa pasatzeko eguna iritsi arte herriaren hobekuntzan buru belarri jarraituko duela esan du alkateak, “herritarrekin batera herria eginez”.
Orain artekoak. 2015eko udal hauteskundeetan EH Bilduk irabazi zuen Ondarroan, eta Josu Arrizabalaga izendatu zuten alkate. Baina hilabete batzuk beranduago, Arrizabalagak utzi egin zuen alkate kargua, eta Bedialauneta haren ordezko lez izendatu zuten; Bedialaunetak EH Bilduren aldeko zortzi botogaz hartu zuen alkatetza, EAJ abstenitu egin zen. Agintaldia beteta, 2019ko udal hauteskundeetan ere alkategai legez aurkeztu zen, eta koalizioak irabazi zituen hauteskunde haiek ere. Beraz, Bedialauneta alkate izendatu zuten berriro ere.