Lekeitioko gazteek nagusiei mugikorra erabiltzen irakatsiko diete
Ekimena Lagunkoia taldeak antolatu du. Hainbat saio antolatu dituzte, martitzenetan eta eguenetan, kultur etxean.
Iturrioz institutuko eta Azkue ikastolako gazteek behingoz alde batera utziko dute ikasle izateari eta irakasle bilakatuko dira. Lekeitioko Lagunkoia taldeak nagusientzako telefono mugikorra erabiltzen ikasteko ikastaroak antolatu ditu, eta bi hezkuntza zentroetako ikasleak izango dira erabilera desberdinak irakatsiko dituztenak. 688 77 16 58 telefono zenbakian eman daiteke izena.
Nagusiek banakako saioak jasoko dituzte eta bertan hainbat gailu edo tresna erabiltzen ikasi dezakete: Whatsappa nola erabili, bideo deiak egin, ahotsezko mezuak bidali, fitxategiak igo….eta mugikorragaz egin ditzaketen gainontzeko eragiketak ere. “Aitzakia telefonoa, baina helburua belaunaldi desberdinen arteko harremana lantzea ere bai”, adierazi dute antolatzaileek.
Asteko bi egunetan banatu dute ikastaroa. Alde batetik, martitzenetan, azaroaren 15ean, 22an eta 29an 11:30eatik 12:30era Iturrioz institutuko ikasleek gidatuko dituzte saioak. Eguenetan, berriz, azaroaren 17an eta 24an eta abenduaren 1ean 9:15eatik 10:15eara Azkue ikastolako gazteak izango dira irakasleak. Saio denak kultur etxean izango dira.