Lekeitioko Santo Tomas azokan izena emateko epea zabalik dago
32 postu egongo dira, 2019ko azken azokan egon zirenak baino sei gutxiago.
Azken bi urteetan bertan behera geratu ondoren, abenduaren 21ean itzuliko da azoka. Izena emateko epea zabalik dago eta azaroren 23an amaituko da. Lekeitioko udaleko bulego orokorretan eman daiteke izena eta udaleko webgunean, bertan dagoen dokumentazioa betez eta udala@lekeitio.eus helbidera bidaliz.
“Helburuen artean, Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatu eta haien produktuen kontsumoa bultzatzea be badago”, esan dute antolatzaileek. Horrez gain, eskualdean lehen sektoreak duen garrantzia kontuan hartuta, “ezinbestekotzat” jotzen dute herritarrengana produktu hauek hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea.
Abenduaren 21ean 10:00etatik 14:30eara ospatuko da Lekeitioko plazan Santo Tomas azoka. Hori gutxi ez, eta eskualdeko etxe-abereen erakusketa antolatuko du udalak. 32 postu egongo dira, 2019ko azken urteko baino sei gutxiago, azken azokan 38 egon ziren, horietako 15 izan ziren Lea-Artibai eskualdekoak.
“Lekeitioko udalak ulertzen du lehen sektorea garrantzitsua dela ekonomiarentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat eta biztanleriaren osasunarentzat eta funtsezko sektore izanda, bere bideragarritasunean laguntzeko hainbat ekimen aurrera eramaten ditu”.