Mikologia ibilbidea antolatu du Geoparkeak
Domekan [azaroak 20] egingo da Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea helburu izango duen topaketa.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak Biotop izeneko biodibertsitate topaketa antolatu du Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzarekin. Topaketa domekan [azaroak 20] izango da, eta jarduerak Zumaiako Santiago hondartzako arrapalako sarrera izango du abiapuntu.
Geoparkeko biodibertsitatea ezagutzea helburu duen topaketa 10:00etan hasiko da, eta 13:00ak arte iraungo duela aurreikusten dute antolatzaileek. “Zumaiako dunetan eta artadietan ibiliko gara, bertan perretxiko endemiko batzuk daudelako eta, dunaren kasuan, oso urria den habitat batekoak ere ikusteko aukera izango dute”. Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntzarekin Zumaiako dunetako eta artadietako onddoen biodibertsitatea ezagutuko dute.
Ekimena doakoa da, eta gazteleraz egingo da. Izen ematea zabalik dago. Internet bidez egin beharko da, labur.eus/onddoak22 loturaren bidez.