Alde zaharrerako ideia lehiaketa jarri du martxan Markina-Xemeingo Udalak
“Hirigune historikoa biziberritzera bideraturiko ideia eta/edo proposamen batzuk aukeratu nahi dira”, esan dute.
Markina-Xemeingo Udalak deialdi bat zabaldu zuen iaz herriko arkitektoen artean, etorkizuneko Markina-Xemeinen hiri-egituraren inguruan eta aurreikusten den hiri-eraldaketari begira euren ekarpenak jasotzeko. Oso “aberasgarritzat eta baliagarritzat” jo zituen udalak jasotako ekarpen horiek.
Udalak ideia lehiaketaren bidez, alde zaharra biziberritzeko eta balioesteko proposamenak eta ideiak batu nahi ditu, izan arkitektonikoak, kulturalak, hirigintzakoak edo beste edozein motatakoak. Jakinarazi dutenez, behar bezala “arrazoitutakoak eta logika sozial, ekonomiko eta urbanistikoko irizpideek babestutakoak” izan beharko dira epaimahaiaren irizpideen arabera.
Hainbat helburu zehaztu dituzte: “Irisgarritasun unibertsala hobetzea; diseinuan arreta berezia jartzea eta ekonomia zirkularra lehenestea; monumentu multzoari balioa ematea; merkataritza biziberritzea; turismoa bultzatzea, bereziki Donejakue bideagaz lotutakoa, gune integratzaile bat sortzea; eta parte hartutako eta partekatutako leku batean herritarrekiko lotura eta nortasun-zentzua indartuko duten lan-dinamikak bultzatzea”.
Ideia lehiaketa batez ere arkitekto eta ingeniariei dago bideratuta. Proposamenak udaletxeko Berton bulegoan aurkeztu behar dira eta epea abenduaren 19an amaituko da. Parte hartu nahi dutenek bi lan aurkeztu behar dituzte. Batetik, dokumentazio grafikoa DIN A2 tamainako bi panel eta horien kopia PDF formatuan. Bestetik, proposamenaren azalpen-memoria, gehienez 20 orrikoa DIN A4 tamainan. Horrez gain, proposamen bakoitza lelo batekin aurkeztu behar dira, lanak anonimoak izango dira eta epamahaiak positiboki baloratuko du euskararen erabilera.
Epaimahaian Luis Egurrola alkatea izango da lehendakaria eta udaleko beste hainbat ordezkari eta teknikaritaz egongo da osatuta. Epaimahaiak kontzeptua, diseinua, bideragarritasun tekniko zein ekonomikoa, denbora bilakaera edota oinarrizko araudira egokitzea baloratuko du.
Sari handiak banatuko dituzte. Irabazleak 8.000 euro irabaziko ditu, bigarrenak 4.000 euro eta hirugarrenak 3.000 euro. Horrez gain, aurkeztutako proposamenetatik, sarituak izan ala ez, udalak jendaurrean jarriko ditu interesgarritzat jotzen dituen ideia guztiak, “markina-xemeindarrek, nahi izanez gero, baloratu eta ekarpenak egin ahal izan ditzaten”.