Hilerria birgaitzeko lanak hasiko ditu Markina-Xemeingo Udalak
Obretan egon arren, kanposantua zabalik egongo da bere ohiko ordutegian.
Markina-Xemeingo hilerriko lanak bi fasetan banatu dituzte. Dagoeneko hasi direnak lehen fasekoak dira. Klaustroko pareta saneatu eta berdinduko dute, aldareko hezetasunak kendu, patioan harriak jarriko dituzte, belarra agertzea geldiarazteko; eta azkenik, harlanduzko harriaren garbiketa osatuko dute.
“Hilerrian detektatu diren premia ezberdinei konponbidea emateko egingo dira birgaitze-lanak. Horretarako, aurrekontuak landu eta aztertu dira, Markina-Xemeingo profesional baten eskutik”, adierazi dute udal ordezkariek.
Lanen aurrekontua 50.551,74 eurokoa da, eta udaletik jakinarazi dutenez, dirulaguntza eskatu diote Bizkaiko Foru Aldundiari lan horien gastuaren %100 estaltzeko. Ez dute zehaztu noiz gauzatuko diren bigarren faseko lanak. Obretan egon arren, kanposantua zabalik egongo da bere ohiko ordutegian.
Balioan jarri dute. Ondare ikuspuntutik duen balioaz gain, Euskadiko Monumentu Nazional izendatua dago, Markina-Xemeingo hilerria bisitarako tokia da, bai herritarrentzat eta baita kanpotik datozen bisitarientzat. “Beraz, instalazio horrek egoera onean egon behar duela uste du Udalak. Hilerria toki zainduagoa izatea da lan hauen helburua, eta baita bere itxura hobetzea ere”.