Euskarazko rol jokoa
Jolasean parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera zabalik daukate, 618 37 78 91 telefono zenbakiaren bitartez.
Ondarroako Euskaraldiko Batzordeak hitzordu berritzailea dakar Euskaraldirako. Domekan, 17:00etatik aurrera, Euskal Erdi Aro Mitologikoan oinarritutako Adur rol jokoan jolasteko aukera egongo da, Kofradia Zaharrean.
Hamaika ekintzako egitarau oparoa eskainiko du Ondarroako batzordeak, eta euskarazko rol jokoa aukera paregabea iruditu zitzaien batzordeko kideei, herritarrak indarra hartzen ari den rol jokora hurbiltzeko: «Aukera interesgarria iruditu zitzaigun aurrez aurreko jokoa eskaintzea, osotasunean euskaraz egin daitekeena eta doi ezberdinak lantzeko aukera ematen duena. Gainera, rol jokoen taldea sortzen ari da herrian, eta aukera ezberdin bezain egokia iruditu zitzaigun kalera atera eta aurrez aurre jokatzen ikasteko aukera eskaintzea».
Argibideak. Adur euskara eta euskal kultura oinarri dituen rol jokoa da, eta horiek babestea du helburu. Gainera, hasiberrientzako aproposa dela aipatu dute, eta haurrentzako atal bat ere badauka. «Antzinako Euskal jakituriak dio gauza eta izaki guztiak lotzen dituen bizindar bat dagoela, Adur izenekoa. Marik adur izugarria bilduko duen harribitxi miresgarria sortu zezan eskatu zion ama lurrari. Euskaldun guztiak etsaiengandik babesteko. Zer gertatu zen harribitxi horregaz? Euskal Erdi Aro miresgarrian murgiltzeko indarra, trebezia, adimena eta kemena izango al dituzu?»
Jolasteko oinarrizko argibideak honakoak dira: maister bat dago, hala nola, jokoa bideratzen duena, eta lau-sei jokalari egon daitezke. Hortik aurrera, imajinazioari eta norbere doiei bide emateko aukera zabaltzen da: «Abentura bat bizitzeko modu interesgarria da, bidean erronkak agertzen dira, eta horiei aurre egiteko baliabide ezberdinak dituzu, zure pertsonaiaren izatearen araberakoak». Jokalari bakoitzak pertsonaia bat bereganatzen du, bere egin, eta honen ezaugarrien arabera bidea sortzen du jokoan zehar: «Enpatia lantzeko bidea ere bada».