Kulturari udazkeneko aterpea eraiki diote Munitibarren
Gaurtik abenduaren 16ra arte, Munitibarko herritarrek Udazkeneko Agendaz gozatzeko aukera izango dute, denetariko kultur egitasmoz osatuta.
Munitibarko Udalak Udazkeneko Agenda plazaratu du. Azaroan eta abenduan zehar, denetariko kultur jarduerak edukiko dituzte munitibartarrek. Lehendabiziko hitzordua gaur bertan izango da: 18:00etan, abian ipini berri den Euskaraldia tarteko, Bidegurutzean izen-emate mahaia eta denda jarriko dituzte; jarraian, 19:00etan, kantu taldearen emanaldia egongo da. Kantariek herriko kaleak alaituko dituzte.
Hurrengo barikuan, hilaren 25ean, Imanol Ituñoren magia saioa egongo da udal aretoan, 17:30ean hasita. Saio horretan, mago baten istorioa kontatuko dute; mago hori bere etxeko atarira heltzen da, munduari bira osoa eman ondoren, baina nork edo nork ostu egin diola kargutzen da. Saioa, horrenbestez, lapurra nor den argitzean oinarrituko da. Abenduaren 2an, irakurzaleen txanda izango da: Nirliit lanaren inguruan ariko dira. Juliana Léveillé-Trudelen liburua da, narratibazkoa; Aiora Jaka Irizar itzultzaileak solasaldia eskainiko du horren inguruan.
Hurrengo egunean, abenduaren 3an, Ez Dok Ero antzezlanak hartuko du udal aretoa, 18:00etan. Antzerki horretan kontatuko da Mikelote eta Pantxo izeneko bikote artistikoa desegin egin dela, beren formula kosmikoa gastatu ostean. Belaunaldi berriek, hortaz, beraien tokia hartu beharko dute. Agendako azkenengo zita gaztetxo eta umeentzako bertso saioa izango da: Bertso jasa, bat-bateko jolasa. Bertsolaritzaren alorrak ume eta gaztetxoenen artean duen hutsunea betetzeko asmoagaz diseinatutako saioa da. Horregaz emango dute amaitutzat Udazkeneko Agenda, Munitibarren.