Bertan Mutrikuko Merkatari Elkarteak irudi berria aurkeztu du
Irudi eta webgune berria aurkeztu ditu Mutrikuko Merkatarien eta Ostalarien Elkarteak, 20. urteurrenean.
20. urteurrena aro berri baten hasiera bezala hartuaz, azken urteetako logotipoa aldatu du Bertan Mutrikuko Merkatari eta Ostalarien Elkarteak. Irudi aldaketa ez da itxura aldaketa hutsa izango, barne dinamika eta herriarekiko aktibismo handiago ekarriko du berekin: gabonetako kanpaina, Black Friday egunerako promozioak…
Bi urteko pandemiak, TicketBai martxan jartzeko egin beharreko inbertsioek, online erosketek eta egungo krisi ekonomiak gogor jo ditu herriko establezimenduak, baina “egoera txarrei aurpegi ona jarri”, eta aro berri honi indarberrituta heltzeko ideiarekin aurkeztu du elkarteak bere irudi berria.
Antolatutako ekimenen artean dago ondorengo egunetan aurkeztuko duten Black Friday egunerako promozio oso berezi bat. Gainera gabonetako zozketa gabonetako kanpaina eta, urtero bezala, Mutrikuko Udalarekin batera herriko gabonetako argien instalazioa ere egingo dituzte.
Webgunea. Logotipoarekin batera mutrikubertan.eus webgune berria aurkeztu dute. Webguneak komertzioen inguruko informazioa jasotzen du; helbideak, telefonoak, geolokalizazioa eta ordutegiak. Bezeroei lana errazteko asmoz, bilatzaile bat edukiko du webguneak, bilatzen den hori nork eskaintzen duen errazteko asmoz.