Maila handia eta ikusle ugari bildu ditu 35. Berritxu Sariak
Elaia-Arai, Denis-Aratz, Retolaza-Amets eta Gonzalo-Portet dira 35. Berritxu Sariko garaileak.
Asteburuan 35. Berritxu Saria zesta-punta txapelketako finalak lehiatu zituzten, Berriatuko Mendibarren pilotalekuan. Emakumezkoen artean, partidu bakarra egon zen: Elaiak eta Araik 30-20ko markagailuagaz irabazi zieten Helena eta Maialeni. Emaitza pisutsua izan arren, antolatzaileek argitu dute partidua “markagailuak erakusten duena baino zirraragarriagoa eta estuagoa” izan zela: “Ordubeteko partidua izan zen, benetan lehiatua, eta Maialen izan zen puntistarik nabarmenena, gainontzekoen gainetik”.
Gizonezkoen artean, hiru final lehiatu zituzten: kadete mailakoa, 22 urtez azpikoena eta elite mailakoa. Lehendabizikoan, hautagai nagusiek, Denisek eta Aratzek, partiduari buelta ematen jakin zuten, garaipen sendoa eskuratzeko: 12-18 galtzen joatetik 30-22 irabaztera igaro ziren, batez ere, Aratzen jokoari esker. 22 urtez azpikoen mailako partiduan, Retolazak eta Ametsek ez zuten inongo zailtasunik eduki Lekerika eta Patxi menderatzeko. Urko Lekerika gernika-lumotarra, Unai Lekerikaren anaia gaztea, izan zen izar nagusia, baina bere jokoa ez zen nahikoa izan garaipena eskuratzeko. Retolazak eta Ametsek 30-17ko markagailuagaz irabazi zuten.
Lehia handia elite mailan. Elite mailakoen partidua izan zen estuena bai maila aldetik, bai markagailuari dagokionez. Aaron eta Zabala behin eta berriro saiatu ziren jokoaren ardura eroaten, baina ez zuten lortu, Gonzalo eta Portet gehiago izan baitziren. “Partidu lehiatua, pilotakada ugarikoa, eta bereziki fisikoa izan zen, eta akats bakoitzak esangura handia hartu zuen”, azaldu dute antolatzaileek. Gonzalok eta Portetek 30-27 irabazi zuten.