Elikagai bilketa egingo dute Mutrikun
Barikuan eta zapatuan [azaroak 25 eta 26] egongo dira herriko janari dendetan.
Elikagaien bilketa nagusia egingo dute Mutrikun, barikuan eta zapatuan [azaroak 25 eta 26]. “Urte bat gehiago azaroan elikagai bankuaren bilketa handiaren aurrean gaude. Bizi dugun egoera ekonomiko korapilatsuak inoiz baino beharrezkoagoa egiten du elkartasuna, arriskuan dauden 21.000 gipuzkoarrengana iristeko”.
Aurreratu dutenez, urtero legez, Eroski Denda berri, Eroski Arrieta eta Dian egongo dira bilketa egiten, eta bonu bidez egingo da. Hortaz, mutrikuarrak parte hartzera gonbidatu dituzte: “Mutrikuarrak bonuak eskuratzen parte hartzera animatzen ditugu eta urtez urte gure kanpainetan erakutsitako elkartasuna eskertu”.
Pasaden urtean Mutrikun 19.586 kilo banatu ziren. Elkartetik adierazi dutenez, une honetan Mutrikuko 38 familia daude Elikagaien Bankuan, zehazki 97 pertsona, horietatik 7 hiru urtetik beherako haurrak izanik.