Gorka Albizu: "Abentura honetan 5.000 kilometro inguru egin ditugu"
Gorka Albizuk eta Josu Astorkiak Uniraid lasterketa solidarioa egin dute Saharan. Materiala banatu diete gehien behar dutenei. Bidaiaren nondik norakoak Munitibarren aurkeztu berri dituzte.
“Mundu eskuzabalago baten alde, Gorka Albizu munitibartarrak eta Josu Astorkia ziortza-bolibartarrak Uniraid Rally Solidarioa egin dute Saharan. Urriaren 9tik 16ra artean egin duten elkartasun abentura horren helburu nagusia gehien behar dutenei arropa, eskola materiala edota jolasak banatzea izan da.
Nolatan izan zenuen Uniraid probaren berri?
Unibertsitatean proba hori egindako ikasle batzuen berbaldia entzun nuen, eta orduan hasi nintzen interesatzen; Josuri komentatu nion, eta zuzenean kotxea prestatzen hasi ginen.
Abiadura ez da alderdirik esanguratsuena, ezta?
Ez. Rally Raid estiloko proba da: orientazioa da garrantzitsuena. Lasterketako liburua ematen du antolakuntzak, ibilbide denekin; horietan checkpoint edo tarteko erreferentzia puntuak ageri dira, eta derrigorrezkoa da horietatik igarotzea. Batetik besterako tartea, aldiz, nabigazioagaz egin daiteke, alegia, iparrorratz bidezko orientazioa erabilita.
Zer ekarri duzue bueltan?
Oso berezia izan da, eta bertan ikusitako bizimodu desberdinak ezagutu genituen. Herri ertain eta, zelanbait, normaletatik igaro ginen; horregaz batera, basamortu erdian galduriko herrixketatik ere pasatu ginen; horregaz batera, Marrakex hiriko diskoteka inguruan luxuzko autoak ikusi genituen. Mutur bietako errealitateak, horrenbestez.
Zenbat kilometro egin dituzue, eta zenbat etapatan banatuta?
Lasterketak sei etapa ditu. Hori bai, portutik irteerara joan-etorria ere gogorrak izan dira. Gainera, guk Algeciraserainoko bidea ere kotxez egitea erabaki genuen. Abentura honetan, 5.000 kilometro inguru egin ditugu.
Autoak ondo erantzun dizue?
Bai. Lasterketako baldintza nagusia hogei urtetik gorakoa izatea da. Gainera, aurreko edo atzeko trakziodun kotxeak baino ezin daitezke aurkeztu, eta ez ordea 4X4 ibilgailuak. Baldintza horiekin, ibilgailu txikiak nabarmentzen dira, pisuz arinak direnak. Guk, ostera, 44 urteko Mercedes 250a eroan dugu. Mekanikoki ez diogu moldaketa handirik egin, eta ondo portatu da. Esperientzia bereziak bizi izan ditugu kotxe horretan, eta bueltatzea espero dugu.
Mercedesa ia-ia materialez gainezka eroan zenuten, ezta?
Bai. Bertako jendeari banatzeko materiala eroan genuen. Antolatzaileek 40 kiloko gutxieneko pisua ezarri arren, ahal beste eroan genuen: 160 kilo. Antolakuntzari 120 eman genizkion, eskoletan banatzeko. Gainontzekoa geuk banatu genuen bidean topaturiko herrietan. Umeak errepide bazterrera ateratzea eta beraiei materiala banatzea da bidaiako oroitzapen politena.
Jendearen babesa igarri duzue?
Bai, eta oso eskertuta gaude. Hainbat lagunek diruz nahiz materialez babestu dute proiektua. Kamiseta bat egin genuen, eta 150 pertsonak erosi dute. Horrez gain, zenbait babesle ere eduki ditugu. jasotako berotasuna, oro har, itzela izan da.
Sare sozialetan ere ikusgarritasuna ematen saiatu zarete.
Hori da. Egitasmoak ahalik eta ikusgarritasun handiena edukitzea bilatu dugu; irabazi-asmorik gabeko proiektua da, elkartasunean oinarriturikoa, eta hori plazaratzen saiatu gara.
Munitibarren bidaiari buruzko hitzaldia eman zenuten. Zelako harrera eduki zuen?
Bikaina. Aretoa ikuslez bete zen. Abenturaren prestaketa, etapa bakoitzean gertatutakoak eta etxera itzulera kontatu genituen, eta jendeak begi onez hartu zuen hitzaldia. Martxoan Ziortza-Bolibarren beste horrenbeste egitea aurreikusten dugu.
Itzuliko al zarete Saharara?
Bai, baina ez antolakuntza honekin: zenbait aspektutan ez gaude batere ados ezartzen duten planteamenduagaz. Dena dela, tankera horretako proba asko daude, eta ziur nago baten batera itzuliko garela.