Maribel Aiertzak liburu berria argitaratu du: 'Txirolo'
Liburua 10 urtetik aurrerakoei zuzenduta dago eta Manu Ortegaren ilustrazioak biltzen ditu. Haur eta Gazte Literaturan idatzi duen "istorio errealistena" dela dio Aiertzak.
Familiako eta lagunen arteko harremanekin batera garapen pertsonala eta gatazken konponketa ditu ardatz Txirolo-k, eta 10 urtetik aurrerakoei dago zuzenduta. Istorio “bizia” dela dio Berriatuan bizi den idazle etxebarritarrak. “Askotan sumatu ditut adin horretako gaztetxoak fantasiagaz eta ‘umekeriekin’ nekatuta eta errealitatearen eremuan murgiltzeko interesarekin. Haiekin pentsatuta sortu dut Txirolo“. Protagonistak 10 urte ditu, eta ikasturte batean sufritzen duen jazarpena lehen pertsonan kontatzen du. “Argi-ilunez betetako kontakizuna da”.
Sinopsia. Euskal Herriko eta Bartzelonako itsas bazter eta portuetan kokatzen da istorioa, eta skate-a gustuko duen Urko izeneko gaztetxoa da protagonista. Aita langabezia dagoela eta, etxea utzi eta itsasontzi txiki batean bizitzera aldatzen direnean Txirolo ezizen mingarria jartzen dio eskolako oilarrak (Aitzol). Baina arazo eta eraso guztien gainetik, protagonistak bere zaletasunari eta ametsari jarraitzen dio.
Aiertzak dio “gehiegitan” helduak umeei arazoak ezkutatzen saiatzen direla haiek ez sufritzeko asmoagaz edo ulertzeko gai ez direlakoan. “Ez dugu pentsatzen lehenxeago edo geroxeago umeak jakin egingo duela eta orduan sufrimendu bikoitza sortuko diogula. Horrelakoetatik sortu ahal dira desengainuak eta frustrazioak, konfiantza galerak, kezkak eta arazoak ezkutatzeko joerak, harreman korapilatsuak, jazarpenak… Hala gertatzen zaie liburu honetako pertsonaiei”. Langabezia, pobretzea, adopzioa eta HIESa moduko errealitateak ukitzen ditu istorioak.
Manu Ortega. Aiertzaren istorioa Manu Ortega ilustratzaile eta komikigilearen ilustrazioek lagunduta dator. Ortega Bartzelonan bizi da gaur egun, eta Arte Ederren ikasketak egin zituen Salamancan, Bilbon eta Kasselen. Marrazkilari, diseinatzaile eta ikus-entzunezko eragilea da.
Aiertzaren beste argitalpen batzuk (Haur eta Gazte Literatura):
- Mara eta izar-saltzailea (Ibaizabal, 2012)
- Munstro bat edukiontzian (Elkar, 2014)
- Jauregiko sekretua (Ibaizabal, 2016)
- Armiarmak parapentean (Elkar, 2017)
- Izaroren izarra (Ibaizabal, 2020)
- Asteburua landetxean (Elkar, 2021)