Irati Bilbao: "Eskuarena zortea izan zen. Ez genekien zer aurkitu genuen"
Ezezaguna den lanari esker arbasoen bizitzaren berri dakigu, nondik gatozen, zein ohitura eta hizkuntza genituen, ‘Sorioneku’ eskuaren atzean dagoen lana ere badelako, askorentzat, aurkikuntza.
Arkeologoa eta egiptologoa zara, zein da zehazki zure lana?
Metodologian eta interpretazioan oinarritzen da nire lana. Etapa istorikoak ezaguturik eta bakoitzean zein material erabiltzen zen jakinda, aurkitzen ditugun materialak testuinguru batean kokatzen ditugu, interpretazioari bide emateko. Aurkitzen dugun materiala zelan tratatu, zelan artxibatu eta beharrezkoa denean nora bideratu jakitea ere gure eginbeharra da.
Aranzadi Zientzia Elkarteagaz hainbat indusketa burutu izan dituzu.
Lekeitioko Garraitz irlan egon naiz, Artzin ere aritu izan naiz, San Adrianeko koban, eta bi urtez Irulegin ere aritu naiz. Beraiekin azkenik Begoñako Argia proiektuan aritu naiz lanean bost hilabetez, memoria historikoaren arloan.
“Baskoien lurraldearen bihotzean dago kokatuta Irulegi, eta heldu zirenean, su eman zioten”
Zelan hasi zen Irulegiko indusketa?
Irulegin Erdi Aroko gaztelu bat dago, eta Aranzadik Aranguren bailarakoekin batera auzolanean lanketa egin zuen 2007tik 2017ra, turismora bideratuta bistaratzeko asmoz. Gazteluaren behealdean malda bat dago, hortaz, suposatu zuten herrixka bat egongo zela. 2x2ko lagina aztertu zuten, eta Burdin Aroko zeramikak atera zituzten. Hortaz, Burdin Aroko herri bat egon zitekeela ondorioztatu zen, eta hortik abiatu zen dena.
Nondik hasi ziren lanean?
Geofisikoak sartu ziren; georadarra erabilita uhin elektromagnetikoak bidaltzen dituzte lurzorura eta materialaren izaeraren arabera informazio ezberdina jasotzen dute, horrela lurrazpiko mapa bat lortuz. Etxebizitzak eta kaleak ikusi zituzten, herrixka baten planoa. Hortaz, puntu bat aukeratu zuten lantzen hasteko, eta horma bat aurkituta, etxebizitza industen hasi ziren.
“Ordu erdi inguru egon ginen pieza hori (eskua) kontu handiz ateratzen. Ahulezia maila ikusita, apurtzeko arrisku handia zeukan”
Zein da lurpeko herri horren testuingurua?
Herrixka hau Burdin Arokoa da. Kristo aurreko lehenengo mendean erromatarrak heldu ziren Irulegira, baina erromatarrak gerra zibilean zeuden, Sertorioren gerran. Baskoien lurraldearen bihotzean dago kokatuta Irulegi, eta heldu zirenean, su eman zioten. Ez dakigu, zehazki, erromatarren zein bandotakoak izan ziren, baina badakigu erre egin zutela aurkitu ditugun materialei esker eta ze aldetatik izan zen erasoa, erromatar kanpaleku bat kokatu baitugu Arangurengo bailaran. Garai hartan, lastozko teilatuak zituzten, hortaz, su eman ziotenean behera erori ziren, kontserbazio ezin hobea eginez. Gure lanaren onurarako, noski. Erromatar zeramikak ere badaude, hortaz, badakigu okupazioa ere egon zela. Ondoren, abandonatuta geratu zen.
Etxebizitza bat industen hasi, eta ezusteko bategaz topo egin zenuten. Zelakoa izan zen une hura?
Eskuarena zortea izan zen. Egia da orain beste ikuspuntu batekin jaso dela gaia, baina une hartan ez genekien zer aurkitu genuen, ezta zer zen ere, esku bat zenik ere ez genuen ikusi. Oso fina zen, basaz beteta zegoen eta oso ahula zen. Ordu erdi inguru egon ginen pieza hori kontu handiz ateratzen. Ahulezia maila ikusita, apurtzeko arrisku handia zeukan.
Aurkitu zenuten unetik gaur egunera arte, prozesu luzea jarraitu du.
Duela urte eta erdi aurkitu genuen eskua, iazko udako kanpaina arkeologikoan, 2021eko ekainaren 18an, hain zuzen ere. Atera genuen unean ez genekien zein ondorio edukiko zituen. Zaharberritzaileari bideratu zitzaion pieza, eta hark lanketa egin ostean, idatziak zeudela ikusirik, filologoei bideratu zien, eta hor konturatu ziren aurkikuntzaren garrantziaz.
“Objektu apotropaikoa da, hobeto ulertzeko, egungo eguzki loreekin alderatu genezake, datorrenari ongi etorria emateko modu gisa”
Ze suposatu du aurkikuntzak?
Orain arte baskoiak ez zeudela alfabetatuta uste zen, baskoiei buruzko lehenengo aztarnak erromatarrek beraiei buruz idatzitako testuak izanik. Orain aurkitutakoak beraien hizkuntza propioa zeukatela baieztatzen du. Idazkera paleohispanikoa da (erromatarren aurrekoa), dakigunez ez da iberikoa, baizik eta bere bilakaera bat, iberikoek ez zuten T letra gehitu baitzioten, adibidez. Ez da alfabeto bat, signario grafiko bat da (protoeuskera bezala hartu daiteke), hizkuntza baskonikoa bezala izendatu dute adituek.
Kokapenak eman du zeresana.
Aurkitutako elementuak geolokalizatu egiten ditugu, eta hori dela eta, badakigu eskua etxeko atarian zegoela kokatuta. Gainera, idatzitako hitzen gainean zulo bat dauka, zintzilikatuta egongo zela adieraziz. Objektu apotropaikoa da, hobeto ulertzeko, egungo eguzki loreekin alderatu genezake, datorrenari ongi etorria emateko modu gisa.
Azterketa prozesu bat jarraitu du.
Indusketan bi astez edo hilabete batean ateratzen dugun guztia urtean aztertu behar da. Zeramikek eta hezurrek, adibidez, etxe horretako biztanleek zer jaten zuten, zein kopuru kontsumitzen zuten edo beste zonalde batekin trukean ari ziren esan ahal digute. Indusketan batzen dugun informazioa, laborategikoagaz eta bulegokoagaz batu ostean, ondorioak ateratzen ditugu, ondoren horiek beste lankide batzuekin partekatzeko eta osatzeko.
Irulegin, hortaz, badago zer aztertu.
Hilabeteko indusketak eginda, bi urtetan etxebizitza bat atera daiteke. Badago zer aztertu, baina finantziazioa behar da.