Ondarroa, Mutriku, Markina-Xemein eta Debako mendi taldeek urte amaierako mendi irteera antolatu dute
Bazkarirako 56 leku daude, eta oraindik izena eman daiteke mendi talde bakoitzagaz harremanetan jarriz.
Urtean zehar ia hilabetero antolatzen dute mendi irteera bat Ondarroa, Mutriku, Markina-Xemein eta Debako mendi taldeek, guztira hamar izan ohi dira. Urte amaieran, berriz, irteerari ospakizuna gehitzen diote bazkari baten bidez, urtero aldatzen dute kokalekua. Iaz Deban egin zuten, baina koronabirusaren neurriengatik ibilaldia bakarrik egin zuten, bazkaririk gabe. Denak elkartu ziren azkena 2019an izan zen, Mutrikun.
Aurten abenduaren 4an bilduko dira Markina-Xemeinen. Hamabi kilometroko ibilbidea antolatu dute mendi taldeek, zailtasun aldetik erraza eta lau ordu inguruan egitekoa. 09:00etan jarri dute hitzordua Markina-Xemeinen. Ziortza-Bolibara arteko bidea egingo dute mendizaleek, Gerra Zibileko gotorlekuak zeharkatu dituzte. Iruzubietarantza irtengo dira, Zapola tontorrera igoko dira eta gero Santa Eufemiko zelaitik eta Zeinke auzotik helduko dira Ziortza-Bolibara arte.
Bertan, Kanpape jatetxeko mahai inguruan elkartzeko 56 leku daude, eta oraindik izena eman daiteke mendi talde bakoitzagaz harremanetan jarriz. Hala ere, antolatzaileek jakinarazi dute bakarrik ibilbidean parte hartzeko aukera dagoela. Hori bai, horrela egin nahi ez gero, Ziortza-Bolibartik itzultzeko modua aurkitu beharko lukete. Horrez gain, dutxatzeko aukera egongo da. 35 euro balio du eta barnean dago bazkaria (babarrun jana + postrea + kafea) eta autobus bidaia. Bazkal ostean km0 produktuen zozketa egingo dute.