85 korrikalarik parte hartu dute Markina-Xemeingo emakumeen lehen lasterketan
Gaur [azaroak 25] indarkeria matxistaren kontrako egunean Morelarre talde feministak antolatutako lasterketak herriko kaleak zeharkatu ditu.
Markina-Xemeingo Morelarre talde feministak antolatutako emakumeen lehen lasterketa arrakastatsua izan da. Gaur [azaroak 25] indarkeri matxistaren aurkako egunean emakumeek kaleak hartu dituzte. Guztira 85 emakumek parte hartu dute lasterketan, 13 urte baino gutxiagoko 22 gaztek egin dute korrika eta 63 nagusik.
Euria eta hotza ez da aitzakiarik izan herriko kaleak zeharkatzeko. Gazteenek kilometro bakarreko ibilbide laburra osatu behar egin dute eta nagusiagoek lau kilometroko ibilbide luzea. Durangon orain arte egiten zen eredua hartu dute. “Bi helburu nagusi bilatzen ditugu. Alde batetik, mugimendu feminista herri osora zabaltzea da, ikusgarritasun handiago izan dezan. Beste alde batetik, emakumeen arteko elkarlana eta saretzea bilatzen dugu, neska gazteen artean, batez ere”.
Jakinarazi dutenez, Markina-Xemeingo 15 pertsona artatu ditu Zutituk urte honetan (azaroaren 16ra arte). Horietako bi adin txikikoak ziren. Horrez gain, zazpi ziren atzerrian jaiotakoak eta sei herrian jaiotakoak. Pertsona horiek lehen aldiz joan dira Etxeko Indarkeriaren eta Sexu Indarkeriaren aurkako Tratamendu Psikologikorako Programa eskaintzen duen erakunde horretara.
20:00etan mobilizazio zaratatsua egingo dute, Arkupeetatik hasita. Manifestaziorako zarata ateratzeko zerbait eramateko deia egin dute.