Kaleak hartzeko deialdi orokorra
Patriarkatuaren era askotako biolentziak salatuko dituzte Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunean. Erakundeek antolatutako aldarrikapenei herriz herri egingo diren ekintzak batuko zaizkie.
Azaroaren 25a aldarrikapen egun bihurtzen da nonahi: emakumeek beren egunerokotasunean jasaten dituzten eraso matxistak nahiz patriarkalak salatzeko eguna. Euskal Herriko Bilgune Feministatik, emakumeenganako bortxa sistematikoak eta behin eta berriro errepikatzen diren “jarrera guztiz erreakzionarioak” salatu dituzte. “Nazkatuta gaudela salatzera gatoz” aldarria plazaratu dute. Heteropatriarkatuaren nolakotasun berriak agertu arren, emakumeek jasaten duten indarkeriak “bere horretan jarraitzen duela” adierazi du Bilgune Feministak, eta biolentzia horren atzean ezkutatzen den “egiturazko sistema” azaleratu gura dute. Sistema horren erakusle modura seinalatu dituzte aurtengo udan jai giroan agertu diren ziztadak.
“Emakumeenganako kontrol mekanismoetako bat” baino ez direla salatu dute, eta beste hainbat eta hainbat zerrendatu dituzte, hala nola, kontrol poliziala, sexuaren araberako lan banaketa, sektore feminizatuen muturreko prekaritatea, oihartzun mediatikorik eza, beldurraren erabilera edota diskurtso morbosoen kapitalizazioa. Horren aurrean, aldarrikatu dute autodefentsa feminista dela “lanerako, erantzuteko, pedagogiarako eta bizitzen defentsa eraikitzeko” lanabes bakarra. Horregaz, feminismoaren botere politizatzailea eta sistema iraultzeko duen ahalmena nabarmendu dituzte, “elkarregaz kaleak hartzeko prest” daudela adieraziz.
Emakundek, bere aldetik, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunerako kanpaina kaleratu du, Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz lelopean, eta bideo bi argitaratu dituzte sare sozialetan. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakunderen bitartez; Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek eta EUDELek elkarlanean koordinatu dute kanpaina hori. Egitasmo bateratua gizonezkoei zuzenduta dago, eta gogorarazten die “ezetz esateko modu asko daudela, baina bat bakarra ulertzeko”. Kanpaina horretan, gizonak dira, emakumeekin batera, beste gizon batzuei galdera hau egiten dietenak: “Zer ez duzu ulertu nahi? Soilik bai da baietz”.
Tokian tokiko egitarauak.
Erakundeek egindako deialdiekin eta antolatutako ekimenekin bat egin dute Euskal Herri osoko hainbat eta hainbat udalerritako udalek, taldeek nahiz eragileek. Oihartzun orokor horrek isla du Lea-Artibain, Mutrikun zein Busturialdean. Markina-Xemeinen, esate baterako, lehendabizikoz egingo dute emakumeen lasterketa. Ibilbide laburra eta luzea egongo dira.
Muxikan, aldiz, Tabuen kutxatik oholtzara bertso musikatu solidarioa egingo dute, domekan. Sarrerekin bildutako dirua IƱurri elkartearentzat izango da. Ikuspegi feminista eta eraldatzailetik minbiziari buruzko dibulgazioa eta formazioa eskaintzen du elkarte horrek. Bertso musikatu saioan minbiziaz berba egingo dute, “ileordeez eta heriotzaz”. Tabuen kutxan dauden gai horiek azaleratu nahi dituzte, guztiak “normalizatu eta barne korapiloak askatu”. Gernika-Lumoko Astra kultur faktorian Memoria Eraikiz antzerki bizipena egingo dute, bihar; hiru emanaldi egongo dira, gainera. Indarkeria matxistadun egoeretatik bizirik ateratako 28 emakumeren bizitza istorioak bistaratuko dituzte ekimen horretan.
EGITARAUA:
Amoroto
Gaur.
– Goizean: Eskolako umeek nahiz irakasleek plaza apainduko dute.
– 19:00: Ana Goitiaren eta Maria Blancoren Ana Marin bakarrizketak saioa, Kultur Etxean.
Aulesti
Gaur.
– 16:00: Irakurketa txokoa, eskolako umeek apainduta.
– 19:00: Elkarretaratzea herriko plazan.
Bihar, zapatua.
– 19:00: Igelek ez dute arrozik jaten zirku antzerkia, 16 urtetik gorakoentzat.
Etxebarria
Gaur.
-19:00: Elkarretaratzea, plazabarrin. Emare talde feministaren eta udalaren testuen irakurketa.
Gizaburuaga
Gaur.
– 19:00: Apaiz Kartzela filmaren proiekzioa, udal aretoan. Bertan egongo da protagonista: Xabier Amuriza.
Lekeitio
Gaur.
-20:00: Manifestazioa Eskolapetik hasita.
Ondoren. Poteo musikatua.
Markina-Xemein
Gaur.
– 17:00: Emakumeen I. lasterketa; laburra (13 urte
beherakoentzat).
-17:30: Emakumeen I. lasterketa; luzea (13 urte gorakoentzat).
-20:00: Mobilizazio zaratatsua Arkupeetatik hasita.
Mendexa
Gaur.
-12:30:Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea, herriko plazan.
Munitibar
Gaur.
-19:30: Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea, Bidegurutzean.
Mutriku
Gaur.
-19:00: Mobilizazioa EMA gunetik Goiko Plazara. EMAk eta Mari Matrakak deituta.
Ondarroa
Gaur.
– 19:00: Andrabanda feminista eta elkarretaratzea, Alamedan. Emakumeen Kontseiluak
deituta mobilizazioa.
– 20:00: Itaiak deitutako mobilizazioa, Zaldupeko Zubitik aterata.
Azaroak 30, eguaztena.
– 18:00: Elkarte eta kolektiboetako eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gidaren aurkezpena, Etxelila Emakumin Topalekuan. Hizlaria: Idoia Arraiza Zabalegi, Emagin elkarteko kidea.