Euskararen erabilera atzeraka ari da herri euskaldunetan
Lea-Artibaik Euskal Herriko eskualderik euskaldunena izaten jarraitzen du. Euskara «bidegurutze» batean dagoela ondorioztatu dute. Hemen herriz herriko datuak!
Uemak euskararen egoera aztertu du, eta tokian tokiko datuak eman ditu ezagutzera: euskararen ezagutza, lehen hizkuntza eta etxeko erabilerari buruzko datuak bildu dituzte. Datuak eskuan edukita, Lea-Artibai eta Mutrikun beheranzko joera nabaritu dute.
HITZAren eremuan euskararen etxeko erabilera eta lehen hizkuntza euskara dutenen datuek beheranzko joera izan dute azken hamarkadan; hala ere, ezagutza eta kale erabilerari dagokionez, Euskal Herriko eskualderik euskaldunena izaten jarraitzen du. Datuek beherantz egin duten arren, kaleko erabileraren zenbakiek egonkor jarraitzen dute, eta datu esanguratsuekin, gainera. Hortaz, ezagutza eta erabileraren datuak alderatuz gero, euskara dakienak erabiltzen duela ondorioztatzen da.
Ezagutza maila %81ean mantentzen da, baina lehen hizkuntza euskara dutenen datuak ia 5 puntu jaitsi dira azken hamarkadan, %66,7a ezarriz. Etxeko erabilerari dagokionez, aldaketa nabarmena sumatu da: %54,7. Bikote elebidunen arteko hizkuntza lehentasunak eta ikus-entzunezkoen eragina sumatzen dela aipatu dute. Etxeko erabileran, gaztelania eta euskara erabiltzen diren etxeetan, gaztelania nabarmentzeko joera ematen da, eta hori datuetan islatzen da. Bestalde, gaztelaniazko ikus-entzunezkoen kontsumoak eragina dauka ume eta gazteen hizkuntza ohituretan.
Herri txikietan aldaketa nabarmenagoa da: biztanle gutxiago daukaten heinean, herri hauskorrak bilakatzen direlako, horren adierazgarri dira Amoroto, Ziortza-Bolibar, Gizaburuaga…
Hiru herri handienetan, Markina-Xemein, Lekeitio eta Ondarroan, beherakada xamurragoa izan da, baina umeen erabileran eman da beheranzkoa, kezka nagusi bilakatuz. Herri txikietan aldaketa nabarmenagoa dela aipatu dute, biztanle gutxiago daukaten heinean, herri hauskorrak bilakatzen direlako, horren adierazgarri dira Amoroto, Ziortza-Bolibar, Gizaburuaga… Baina, Munitibarren kasua nabarmendu dute. Datuen beherakada esanguratsuena izan duen herria delako, azken urteetako joerari jarraituaz.
Euskara bidegurutze batean dago, faktore askok eragiten dute ,eta neurriak hartu behar dira. Udalerri euskaldunen zaintza ikuspegia landu eta hizkuntza politika bereziak hartu behar dela dio Uemak. Alde horretatik, mugimendu demografikoei aurre egin behar zaie. Maila askotan eragin beharra dago, hezkuntza proiektuan, transmisioan edota kultur eskaintzan.