Lekeitioko aurrekontua 10.878.024 eurora arte igoko da 2023an
Aurrekontuen %18 inbertsioak egitera bideratuko dituztela aurreratu dute.
Atzo [abenduak 1] udaletxean egindako osoko bilkuran onartu zituen Lekeitioko Udalak 2023rako aurrekontuak. Guztira 10.878.024 euroko aurrekontuagaz hasiko du urtea, hau da, aurten baino 971.724 euro gehiagogaz. Aurrekontu honekin udalak “kalitatezko zerbitzu publikoak” bermatu nahi izan ditu. Hartutako konpromisoak betetzeko desira berretsi dute eta urtez urte konpromiso horiek betetzeko beharrezkoak diren ekintza, programa edota zerbitzuak aurrera eramatea.
Alde horretatik, udaletik adierazi dute herritarrei laguntza bermatzeko partidak “egungo beharrizanei” egokitu dituztela. Udal tasen hobarien artean, familia ugariek eta egoera zaurgarrian daudenek Ondasun Higiezinen Gaineko zergan hobariak izango dituzte. Horrez gain, kirol talde, kultur talde, merkatarien elkarteak, kooperaziorako laguntzak eta Andraetxearen berriztapenerako partidak mantendu edo igoko dituzte. Efizientzia energetikoaren ildotik lanean jarraitzeko, herriko eta udal eraikinetako argiteria eta instalakuntzak berrizten jarraituko dute. Energia eraginkortasuna lortzeko egiten diren obretarako tasetan ere hobariak ezarriko dituzte. Auzo edo kale lanekin jarraituko dute herria “irisgarriagoa” eginez, arazoak sortzen dituzten guneei “irtenbidea” emanez eta kaleen mantentze eta hobekuntza lanak burutuz.
2023ko gastuei dagokienez, sarrerak bezain bestekoak izango dira: 10.878.024 eurokoak. Igoera KPIaren igoera, erregai eta argindarraren igoera eta pertsonal gastuen igoerarengatik datorrela adierazi dute. 3.945.412 euro doaz pertsonalaren gastuetan eta 3.565.207 euro gastu arruntetan, argiteria publikoa, erregaiak, kale-garbiketa, kirol instalakuntzen garbiketa, kanpo zerbitzuak, mantenua, besteak beste.
Proiektuetara. Lekeitioko Udalak aurrekontuen %18 bideratuko ditu inbertsioak egitera. Zenbait proiektu handi dituzte aurreikusita 2023rako: Antiguako Ama, Basotxo eta Karmengo Ama inguruan berrurbanizazioa amaitzeko lanak (610.000€), Eskoletako patioen estalkia (475.000€), Itsasargiaren birgaitzea (340.000€), Armintxe kobazuloetako grabatuak mantentzeko derrigorrezko obrak egiteko lanak (250.000€) eta kaleetako argiteriaren berritzea (130.000€).
Gainera, turismo jasangarria sustatzeko udalak Europar Next funtsetatik 600.000 euro jaso ditu. Gehigarri horo bestelako inbertsioetara bideratuko dituzte. Mendieta ontziolako etxea berreraikitze lanetarako 380.000 euro, Garraitz uharteko eremu arkeologiko balioan jartzeko lanetan 90.000 euro eta baliabide turistikoen digitalizaziorako 50.000 euro.