Euskaraz blai eginda
Gaur [abenduak 3] Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko hainbat ekimen egin dira Lea-Artibai eta Mutrikuko herrietan. Ondarroan 300 herritar batu ditu Ondar Ahua guraso elkarteak antolatutako danborradak.
Euskararen Eguna gaur [abenduak 3] bada ere, gehien errepikatu den esaldia izan da euskaraz urteko 365 egunak hitz egin behar dela. Gainera, Euskaraldiaren amaieragaz bat egin du aurten abenduaren 3ak. Lea-Artibaiko herrietan hamaika ekimen egin dituzte hizkuntzaren eguna ospatzeko. Eguraldia ez dute lagun izan.
Etxebarrian, esate baterako, goiz osoan zehar luzatu dira ekintzak, oso desberdinak gainera, adin guztientzakoak. Lehendabizi, kultur aretoan elkartu dira etxebarritarrak. Herriko bertsolari gazteek bertso bat abestu dute, eta haien lekukoa hartu dute jubilatuek hainbat abesti kantatzeko, zein baino zein ederragoa.
Euskararen Eguneko adierazpena Euskaraldian herrian utzi dituen datuak esaten hasi dute. Hitzez ekiteko garaia lemapean, aurten Etxebarrian 157 herritarrek eman dute izena: 141 ahobizi eta 16 Belarriprest. Horrez gain, arigune asko izan dituzte herrian: Otsolo taberna, Olaia taberna, Eika, Fagor Arrasate, ETX elkartea, Emare, Txik Txak, Etxebarriko Jubilatuak, Farmazia eta udala. “Nahiz eta Euskaraldia atzo amaitu eta Euskararen Eguna gaur izan, bultzatu nahi dizuegu euskara gure egunerokotasunean erabiltzen jarraitzera”, adierazi dute.
Euskaraldiak iraun bitartean, EguneanBehin jolasean taldea osatu da Etxebarrin lehen aldiz, eta jolasetako irabazleei saria banatzeko aukera ez dute pasatzen utzi nahi izan. Hirugarren sailkatua Jon Errasti izan da, bigarren geratu da Amaia Zarandona eta txapelduna Iban Zelaia izan da. Sari banaketa amaitu bezein laster, umeak korrika joan dira frontoira, bertan zuten prest altxorraren bilaren jokoko lehen galdera. 8-9 pertsonako sei talde osatu dituzte. Kopautxoagaz eman diote amaiera egitarauari.
Baldintzatuta. Markina-Xemeinen ere jolasak izan dira protagonistak. Euriari aurre egiteko jolas desberdinak antolatu dituzte arkupean eta Zelaian. Horrez gain, gorputzak beste modu batean berotzeko, taloak egin dituzte. Ilara luzeak sortu dira hasiera batean taloak nahi zuten osagaiekin dastatzeko. Pintxoak eta tako mexikarrak ere jarri ditu AEK-k.
Ondarroan ezin izan dute nahi bezala ospatu Euskararen Eguna. Zaldupe eskolako Hondar Ahua guraso elkarteak euskararen aldeko danborrada egin du, baina ez nahi bezala. Euriarengatik eskolako aterpean geratu behar izan dira parte hartzaileak; 300 herritarrek parte hartu dute ekitaldian. Haisera batean lehen sei abestiak eskolan jotzeko erabakia hartu dute antolatzaileek, ea euria noizbait gelditzen zen ikusteko. Ez da hala izan, euria egiten jarraitu du. Hala ere, danbor hotsak ozen entzun dira Ondarroan, edozer euskararen alde.
Gainera, aurten, Euskal Gorrak elkartea gonbidatu du guraso elkarteak. Egun berezia izan da, izan ere, abenduaren 3a Aniztasun Funtzionalaren Eguna ere bada. Aitor Bedialauneta Euskal Gorren lehendakariak parte hartu du ekitaldian, eta euskarak zein aniztasun funtzionalak duten garrantzia azpimarratu du. Adierazi du Ondarroa betidanik izan dela herri borrokalaria, eta euskararen eta aniztasun funtzionala dutenen alde ere borrokan jarraitu behar dugula azpimarratu du.