Nerea Ibarzabal Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean sartu da
Bi finalaurrekoen osteko sailkapen orokorrean seigarren postuan geratu da markina-xemeindarra 1.344,5 puntugaz.
Markina-Xemeindarra Euskal Herriko zortzi bertsolari onenen artean sartzea lortu du. Abenduaren 18an Iruñeako Nafarroa Arenan txapelarengatik abestuko du. Amets Arzallus nagusitu zen zapatuan [abenduak 3] Bilboko Bizkaia frontoiko azken finalaurrekoan, finalerako txartelak banatuko zituena.
Ibarzabalek Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Sustrai Colina eta Maialen Lujanbio txapeldunagaz ariko da. Martinek lortu ditu bi finalaurrekoen ostean sailkapen orokorreko lehen postua 1.405,5 puntugaz, bigarren Mendiluze 1387,5 puntugaz, Colina hirugarren 1.378 puntugaz, laugarren Gaztelumendi 1.373 puntugaz, seigarren Arzallus 1.350 puntugaz, seigarren Ibarzabal 1.344,5 puntugaz eta zazpigarren Illarregi 1.332 puntugaz.
Markina-Xemeindarrak eta gainontzeko finalistak bi zatitan dute banatuta finala. Abenduaren 18an 11:00etan hasiko dira, gero etenaldia izango dute eta 17:00etan ekingo diote berriro. Bi bertsolari onenek bakarrik egingo dute aurrera buruz burukora. Hurrengo lanak osatu beharko dituzte:
Goizean
-
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko handian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Banaka, lehen puntua emanda, hiru bertso zortziko txikian.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso sei puntuko motzean.
- Ganbarako lana: banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Arratsaldean
-
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso hamarreko txikian.
- Binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan, zortzi bertso osatu arte.
- Banaka, gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.
Buruz burukoan
-
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso Iparragirre abila dela doinuan.
- Binaka, gaia emanda, hiruna bertso zortziko txikian.
- Ganbarako lana:
- Banaka, hitza gaitzat emanda, bertso bat bederatziko txikian
- Gaia emanda, hiru bertso nahi den doinu eta neurrian.