Errepikatzeko modukoa izan da Lekeitioko eskolako bigarren eskuko azoka
Guztira 46 postu jarri zituzten joan den domekan [abenduak 4] hezkuntza zentroko patioan.
Lekeitioko eskolako Zapran guraso elkarteak antolatutako bigarren eskuko azoka erabateko arrakasta izan zen. Joan den domekan [abenduak 4] hezkuntza zentroko patioan 46 postu jarri zituzten guztira, bigarren eskuko 22 postu eta eskualdeko artisau eta ekoizleen 24 postu. Antolatzaileek “oso pozik” agertu dira herritarrek emandako erantzun beroagaz.
Eguraldi eguzkitsua lagun izan zuten eta horrek mesede handia egin zien. “Lehen aldia zenez, beldur edo zalantza asko genituen, baina den ezin hobeto irten da. Jendeak trukaketak egiteko esperantza gutxi zituen eta pentsa baino askoz gehiago egin ziren”. Horrez gain, bertaratu ziren artisau eta ekoizleak pozik amaitu zuten salmenta kopurua ona izan zelako. Goiz osoan zehar ez zen jateko edo edatekoa falta izan, eta herriko trikitilariek jarri zuten musika.
Lekeitioko eskolako Zapran guraso elkartetik argi dute lehen esperientziaren ondoren, bigarren eskuko azoka “errepikatzeko moduko” ekimena dela datorren urtean. “Beldurrak kendu ditugu eta orain badakigu zelan antolatu horrelako azoka bat, baita zertan hobetu ere”.