'KAOS_EAN_01' ikuskizunean parte hartuko dute Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat artistek
Zapatuan [abenduak 17] estreinatuko dute lehen aldiz Bilboko Euskalduna Jauregian.
Kaosaren ideiaren inguruan 2 ordu baino gehiago irauten duen diziplina anitzeko ekitaldia da KAOS_EAN_01. 30 artistek baino gehiagok parte hartzen dute, eta horren barruan daude Lea-Artibai eta Mutriku eskualdeko hainbat artista, zein baino zein desberdinagoa. Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak, esate baterako, ikuskizunari ahotsa eta testua jartzen dio. Jose Pablo Arriaga markina-xemeindarrak eskulturaren arloa lantzen du. Garazi Etxaburu dantzari ondarrutarra ere kolaboratzen duten artista zerrenda luzean dago, baita Lander Andonegi bideogile mutrikuarra ere.
Hain zuzen ere, Andonegik Arriaga eskultorearen Mudantza azken bildumaren inguruko bideoa proiektatuko du. Horrez gain, eskultoreak egun batez Markina-Xemeingo tailerra Euskalduna Jauregira eramango du. Bertan egingo du lan, musikaz eta bestelako sentsazioetaz inguratuta. “Gogotsu nago ikuskizunean parte hartzeko, aurtengo nire helburua nagusietako bat jende desberdinagaz lan egitea zen, beraz, hainbeste artistagaz aldi berean lan egitea ilusio handia egiten dit”. Arriagak aurreratu du Etxaburu bere tailerrera hurbilduko dela, eta bertan dantza egingo duela ikuskizunaren zati batean.
“Bizkaiko iragan industriala eta, zehazkiago, Euskalduna Jauregiaren kokagunearen historia abiapuntutzat hartuta, musika elektronikoa, euskal musika tradizionala, dantza garaikidea eta airekoa, moda, eskultura, bisualak, graffitia, poesia eta antzeko arteak batzen ditu”, azaldu du Marta Urzelai aktoreak, orain zuzendari lanak hartuta. “Sentsazioen bonbardaketa bat ikuslearentzat. 360 graduko ikuskizuna”, gehitu du.
Judy eta Mamba Beat Club DJak; Txar eta Nex Graff graffitigileak; Maitane Sarralde eta Alejandra Deza dantzariak; Goood People, Kathy Udaondo, Julene Gregorio, Aritz de la Hera, Gorka Álvarez eta Sutan markako moda diseinatzaile gazteak; Dammedcomme eta Igdannyromero makillatzaile sortzaileak, Sku–Txa txalapartariak dira parte hartzen duten artistetako batzuk.
Zapatuan [abenduak 17] estreinatuko dute Bilboko Euskalduna Jauregiaren Urban Hall aretoan 19:00etatik aurrera. Oraindik ikuskizunerako sarrerak eros daitezke Euskaldunaren webgunean aldez aurretik edo egunean bertan jauregiko lehiatiletan 10,5 euroren truke.