Lea-Artibai Amankomunazgoak aurrekontua igoko du 2023rako
Joan den barikuan [abenduak 9] batzar nagusian onartu zituzten, kontrako boto barik.
2023 urtean 4.681.651,91 euroko aurrekontua izango du Lea-Artibai Amankomunazgoak. Hau da, 2022an baino 256.479,11 euro gehiago. “Herritarrentzako kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraituko dira, denontzako eskualde hobe bat sortzeko helburuarekin”, adierazi dute ordezkariek. Aurrekontuak lantzeko Amankomunazgoaren parte diren udalerrietatik jasotako iritzi eta ekarpenak hartu dituzte kontuan.
Hain zuzen ere, joan den asteko barikuan [abenduak 9] egindako batzar nagusian adostu zituzten datorren urterako aurrekontuak, aurkako botorik gabe. “Bereziki gizarte zerbitzu arlokoan garrantzi handia eman diogu, alde batetik, Gizarte Zorroak ditugun zerbitzuak eta prestazioak garatzeari, eta bereziki adinekoentzat ostatu zerbitzuan ditugun eskaeren gorakadari aurre egin eta zaintzaileei eta gurasoei zuzendutako prestakuntza programak pandemia aurreko egoerara bueltatu”.
Gizarte zerbitzuak izango dira 2023ko aurrekontuetako lehentasun nagusia, 2.615.171,92 euro bideratuko dituzte arlo horretara. Zabor bilketari dagokionez, Lea-Artibai Amankomunazgoak herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina bat martxan jarriko du urtarriletik aurrera hondakinen sailkapena bultzatu eta handitu nahian. 1.704.444,72 euro daude aurreikusita zaborren sailerako.
Bestalde, lan egiten duten 60 langileen soldatak %2,5ko igoera izango dute eta 2022an finkatu diren bost etxeko laguntzaile lanpostuez gain, 26 lan postu finkatzeko lehiaketa bidezko egonkortze-prozesu bat abian jarriko dute.