Lekeitioko Udalak Zumatzeta-San Inazio inguruaren obren aurreproiektua aurkeztuko du
Lanak hasi aurretik, aurreproiektua auzokideen aurrean aurkeztuko dute.
Lekeitioko Udalak hainbat auzo berriztu ditu azken urteetan, besteak beste, Eliz Atea San Andres eta Basoaldea. Orain, Karmengo Ama, Antiguako Ama, Basotxo eta Santa Katalinako zati baten txanda da. Hauek amaitu ondoren, herriko gune handienetako baten urbanizazioa burutzea aurreikusten dute, hau da, Zumatzeta, Otxoa Urkiza, Buenaventura Zapirain, Harbiatx, Agirre Solarte, Kasimiro Etxebarria, San Inazio eta Letraukuaren zati bat.
Urbanizazio lanek irisgarritasuna, ur-hornidura, argiteria publikoa edota saneamendua berritzean edo hobetzean oinarritzen dira. “Lekeitio bizirik dagoen herria da. Herriaren hobekuntza da Udalaren helburu nagusia eta helburu horretan auzoen berrikuntza lanek garrantzi handia hartu dute”, adierazi dute udal ordezkariek.
Lanekin hasi aurretik, berriz, herritarrei aurkeztuko dizkiete nondik norakoak. Horretarako aurreproiektuaren erakusketa jarriko dute Eskolape aretoan abenduaren 19tik urtarrilaren 7ra. Astelehenetik barikura 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:30era egongo da ikusgai, eta zapatuetan 11:30etik 13:30era. “Bertan, auzokideek xehetasun guztiak ikusi ahalko dituzte eta ekarpenak egiteko aukera izango dute”.
Horrez gain, urtarrilaren 3an proiektuaren arduradunak erakusketa aretoan egongo dira proiektuaren azalpenak zehaztasunez eman eta zalantzak argitzeko.