Erkiaga-Aimar eta Olharan-Lopez dira Berriatuko banakako txapelketako finalerdiak
Barikuan [abenduak 16] eta zapatuan [abenduak 17] jendez gainezka bete zen Mendibarren frontoia.
Berriatuko buruz buruko txapelketako final-laurdenetan sartu dira zesta-puntako oilar nagusiak, eta lanak izan dituzte hurrengo kanporaketetara aurrera egiteko. Lehen partida izan ohi da gaitzena. Aritz Erkiagak sufrituta hartu zuen mendean Julen Del Rio barikuko [abenduak 16] lehen lehian. 3-5 aurreratu zen gasteiztarra, ispastertarra dominatu ezinik, jokaldiak egiten hasi zen, baita asmatu ere. 12-10 lortu zuen lehen seta. Bigarrenean, ordea, Erkiagak neurria hartu zion frontoiari eta modalitateari, eta beste martxa bat jarri zion partidari: 7-0 hasi zen. Abantaila horrek asko lagundu zion, Del Riok arriskatu beharra zuen, batzuetan asmatuz eta beste batzuetan ez. Azkenean 12-7.
Bigarren partidan, Aimar Aldazabalek 2021ean galdutako finalaren mendekua hartu zuen. Bi set eta huts irabazi zion Jokin Arberi, baina lehia gogorra izan zen. Markina-Xemeindarrak jokoa aurreko koadroetara bideratu zuen pilotza hotzagaz hasieran, gero pilota bizitu zenean berrituarrak dominatu zuen. Azken tantoa etxeko semearen alde jauzi zen: 12-11. Bigarren setean, Arbe ostera ere aurreratu zen 4-5koagaz, baina Aimarrek 8-1eko partziala lortu zuen finalerdietarako txartela lortuz: 12-6.
Zapatuko [abenduak 17] partidetan berdintasun eta gogortasun hori emaitzetan ere islatu zen. Jean Olharanek eta Xabi Barandikak partida oso peloteatua jokatu zuten, biek txik-txaka eta txula bilatu zuten. Frantziarrak poltsikoratu zuen lehen seta 12-5. Gernikarra erosoago aritu zen pilota biziagaz, 1-5 hartu zion aurrea, baina Olharanek azkenera arte borrokatu zuen, ez nahikoa, berriz, 9-12. Frantziarrak pilota motela kantxaratu du eta set erabakigarrian 4-0 hasi zen, Barandika saiatu bazen ere, ezin izan zuen: 5-2.
Azken final-laurdena izan zen onena, emozio aldetik behintzat. Johan Sorozabal lotsabako hasi zen eta bi tantoko zuloa zabaldu zuen 3-5ekoagaz. Imanol Lopez berotu zen arte, bederatzi tanto lortu zituen zumaiarrak, 12-5. Hala ere, aurrelari biarriztarrak ez zen beldurtu, eta pilota bizia lagun, atzelari beteranoa mugiarazi zuen: 7-12 bigarren seta. Azkena bihotzekoa emateko modukoa izan zen. Lopezek esperientzia atera zuen 3-0 aurreratzeko, Sorozabalek, berriz, hil edo bizi jokatu zuen. Horrela heldu ziren lauko berdinketara, azken tantoan 10. koadrotik egindako dejadagaz amaitu zuen partida.
Barikuan [abenduak 23] jokatuko dira finalaurrekoak Mendibarren frontoian: Erkiaga-Aimar eta Olharan-Lopez.