32 postu egongo dira Lekeitioko Santo Tomas azokan
Bihar [abenduak 21] 10:00etatik 14:30era egongo da zabalik azoka.
Azken bi urteetan pandemiagatik bertan behera geratu ostean, bueltan da Lekeitioko Santo Tomas azoka. Erabateko normaltasunagaz ehundaka pertsona itzuliko dira herriko plaza eta inguruetara. “Lea-Artibai eskualdeko lehen arloko nekazaritza eta abeltzaintzako ekoizleen lana sustatu eta haien produktuen kontsumoa bultzatuko dugu. Zalantzarik gabe, eskualde osoan egiten den azoka garrantzitsuenetako bat da Lekeitioko Santo Tomas azoka”, adierazi dute udal ordezkariek.
Guztira 32 postu egongo dira aurten, hau da, 2019ko azken azokan egon zirenak baino sei gutxiago. Horietatik 25 ekoizleak izango dira eta denetariko produktuak ekarriko dituzte: ahatekiak, kontserbak, eztia, behi gazta, ardi gazta, ahuntz gazta, esnekiak, okelak, ortuariak, frutak, landareak, arrautzak, pastak, ogia eta gozoak. “Produktu freskoak eta sortu berriak izango dira, kasu askotan artisautzako prozesuen bidez ekoizten direnak, eta saltzailea zuzenean ekoizten duen pertsona bera izango da”.
Beste alde batetik, artisauen zazpi postu egongo dira eta beste hainbat produktu jarriko dituzte salgai: egur taila, saskiak, motxilak, osagarriak, bitxiak, bordatuak eta kosmetika naturala. Ohikoa den bezala, azokaz gain eskualdeko etxe-abereen erakusketa ere antolatuko dute. Zehazki hurrengo animaliak ikusi ahalko dituzte bertaratzen direnek: Behiak, zaldiak, astoak, ardiak, ahuntzak, txerriak, idiak eta untxiak. Aurtengoan ez da hegaztirik egongo “mundu mailan hauei lotutako griparen ondorioz” zehaztu dute.
Horrez gain, ikastetxe, elkarte eta eragileen txosnak ere izango dira azokako gune desberdinetan. Lea Artibai Amankomunazgoak konposta banatzeko karpa jarriko du plazan. Akarregi pilota elkarteak, udalagaz eta Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzagaz batera euskal pilota jaialdia antolatu du Santi Brouard pilotalekuan. 18:00etan hasiko da jaialdia eta sarrera doakoa izango da. Lehenengo esku pilotako partida jokatuko da Xabi Beitia eta Ibarloza I Albizu eta Bernaolaren aurka. Gero zesta-puntako lehia egongo da, Alex Goitia eta Ibarluzea I markina-xemeindarrak Lekerika II eta Urrutxuaren kontra.
“Lekeitioko udalak ulertzen du lehen sektorea garrantzitsua dela ekonomiarentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat eta biztanleriaren osasunarentzat eta funtsezko sektore izanda, bere bideragarritasunean laguntzeko hainbat ekimen aurrera eramaten ditu”.