Markina-Xemeingo hainbat eragile autobus geltoki berriaren kokapenaren aurka agertu dira
Udalak parte hartze prozesuan jasotako informazio guztia aztertuko du, erantzun bat eman aurretik.
Markina-Xemeingo Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera, herriko autobus geltokiaren kokapena aldatzeko azterlana osatzen ari da. Geltoki berria Atxondo kiroldegiaren atzealdean kokatuko litzateke, bi geldialdi izango lituzke eta norabide bakoitzerako bazterbide bat. Horretarako, aurretik, udalak proposamenaren inguruko iritziak edota ideiak jaso zituen herritarrengandik. Eskuorriak banatu zituzten etxez-etxe eta abenduaren 9ra arte bete zituzten.
Udalak hainbat abantaila ikusten zizkion autobus geltoki berriari mugikortasuna, eraginkortasuna edota kutsadura murrizpena, besteak beste. Markina-Xemeingo beste eragile batzuek, berriz, ez dute horrela ikusten. Esther Ruiz de Austri izan da aurka egin duen herritar aktiboenetako bat. Abenduak 9ra arteko epea baliatu zuen sinadura bilketa bat martxan jartzeko. Herriko saltoki baten jarri zuen eskuorria eta ia 100 sinadura bildu zituen. “Nire ustez, aukera hau errealagoa da, datuak jarri behar dira, hau da, ez da udalarena moduan anonimoa, eta horrek sinesgarritasuna ematen dio. Era berean, asko izan dira izen-abizenak ez jartzearren sinatu ez dutenak”. Sinadurak udaletxean aurkeztu zituen.
Ruiz de Austrik argi du autobus geltoki berria ez dela “inondik inora” ideia ona. “Segurtasunak kezkatzen nau. Duela zenbait urte Markina-Xemeingo puntu beltzen mapa osatu zen eta autobus geltoki berriko tunela zen horietako bat. Argiztatzea ez da nahikoa, edozein momentutan joan daiteke argia, bertan bakarrik zaude, bertatik ez da inor pasatzen, ezta auzokide batzuk ere ez. Geltokia herrian egon behar da”.
Markina-Xemeindarrak gaineratu du ez dela “distantzia arazoa”. Hain zuzen ere, autobusaren eguneroko erabiltzaile moduan, badaki zer den zerbitzua goizaldean eta gauean hartzea. “Jende nagusi edo gazteentzako ez da leku segurua, ezin dizu inork lagundu zerbait pasatzekotan”. Herritarren eta eragileen arteko bizikidetzarako apustua egin du Ruiz de Austrik konponbidea aurkitzeko.
Kaltegarria. Markina-Xemeingo Hemen Be Bai merkatari elkartea izan da aurkako jarrera agertu duen beste eragileetako bat. Autobus geltoki berriaren berri izan zutenean merkatari elkartea osatzen duten dendek barne prozesu bat abiatu zuten, inkesta bat zabaldu zuten bazkideen artean. Kokapen berriaren aldeko boto bakarra egon zen, nulu batzuk eta gainontzekoak aurkakoak izan ziren. Era berean, proposamenak eta ideiak batzeko baliatu zuten, idatzia aurkeztu baitzuten udaletxean.
“Hemen Be Bai merkatari elkartetik uste dugu herriko dendarientzat kaltegarria izango litzakela autobus geltoki berria. Gaur egungo kokalekuan autobusa hartu baino lehen eta ostean herritarrek inguruko saltokietan erosketak egin ahal dituzte. Atxondo Kiroldegiaren inguruetan denda gutxiago daude. Horrez gain, gure eguneroko bezeroen segurtasuna ere arriskuan ikusten dugu, ez dugu uste toki segurua denik”.
Epeak. Udaletik jakinarazi dutenez, batutako informazio dena begiratu eta aztertuko dute, azken batean hori baitzen eskuorriaren helburua. “Beste ekimen askotan egin bezalako parte hartzea prozesua izan da. Jasotako proposamen denak aztertuko ditugu, alde positiboak zein negatiboak, eta gainontzeko eragileekin elkar banatuko ditugu. Ondoren, erantzunak emango ditugu eta erabakiak hartu, baina azterlanaren prozesuak errespetatuz”.