Uhagonek eta Markina-Xemeingo Udalak Gabonetako kontzertuak antolatu dituzte Arretxinagan
Abenduaren 23an eta 30ean kontzertu bana eskainiko dituzte.
Uhagon Kulturguneak eta Markina-Xemeingo Udalak Gabon kontzertuak antolatu ditu abenduaren 23an eta 30ean Arretxinagako ermitan. Hilaren 23an Mikel Azpiroz piano jotzaileak “Islak” bere azken lana aurkeztuko du Karlos Arancegi bateri jotzaile eta Joanes Ederra kontrabaxu jotzaileagaz batera. Abenduaren 30ean Habia taldeak eskainiko du kontzertua. Bi kontzertuak 19:00etan hasiko dira eta doakoak izango dira. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, berogailuak jarriko dituzte ermitan.
“Kontzertu ziklo honek helburu bi ditu: Batetik, Euskal musikarien lanak plazaratzea eta beraien kalitatea azpimarratzea eta bestetik, herriko ondarea balioan jartzea. Horregatik, emanaldi biak Arretxinagako ermita berezian izango dira. Markina-Xemeingo eta eskualdeko harribitxietako bat da, ezagutu beharreko leku horietako bat da”, adierazi dute antolatzaileek.
Azpirozek Islak proiektua ekarriko du Markina-Xemeinera arte Euskal Herriko, Espainiar Estatuko eta Europako (Polonian, Varsovian eta Cracovian, zehazki) hainbat herritan aurkeztu ondoren. “Maila handiko lana da eta ermita honetan zuzenean ikusi eta entzutea, esperientzia guztiz gozagarria izango da”, aurreratu dute. Piano jotzaile donostiarrak azken bi diskoetako bide bera jarraitzen du, baina kasu honetan Arancegi eta Ederra izango ditu bidelagun. “Ñabarduraz beteriko estiloa eta notarik soberan ez dute melodia dotoreetan mugitzen da”. Patxada eta sosegua aldarrikatzen du zalapartaren eta zarataren aurrean.
Habia taldea Lapurditik (Iparraldea) dator eta hari eta ahotsezko hirukote gazteak dago osatuta: Elena Hairak biola jotzen du, Maia Iribarnek biolina eta Amaira Hiriartek biolontxeloa. 2021ean kaleratu zuten lehendabiziko diskoa, Animalia naiz izenekoa. “Entzuteko, ikusteko eta sentitzeko musika eskaintzen dute, tradiziotik zein sormenetik edaten duen errepertorio bategaz”.