Alex Goitia: «Aukera gehiago behar ditugu ikasteko: profesionalekin jokatu»
Markina-Xemeindarrak joan den asteko astelehenean debutatu zuen Jai Alai Winter Seriesen. Aurrelaria profesionalen artean jokatzeko deiaren zain dago, eta bitartean ikasten dago.
Zelan zaude Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Seriesen debutatu ostean. Zelan bizi izan zenuen partidua?
Partiduagaz gustura geratu nintzen egunean bertan, amaitu ostean. Gero, partida ostera ere telebistaz ikusi nuen, eta bigarren seteko amaierak oraindik min egiten dit. Bestela, orokorrean, asko gozatu nuen, eta orain beste aukeraren baten zain geratzen naiz. Ez naiz jende asko dagoenean oso urduri jartzen den pertsona horietako bat, baina egia da kilimak sentitu nituela sabelean 1.600 pertsona nire aurrean ikusi nituenean. Beti diot, gero eta jende gehiago, hobe. Gernika-Lumoko Urriko Azken Astelehenean ere jokatu nuen profesionalen partida baino lehen, baina Jai Alai Winter Serieseko partida ofiziala jokatzea beste gauza bat da.
Ausart atera zinen zesta-puntako katedralera.
Profesionalen aurka beldurragaz irteten bazara, are eta errazago galduko duzu, ez duzulako zure jokoa egingo eta zure dohaiak erakutsiko. Berdin dio noren kontra jokatzen duzun, zure jokoa atera behar duzu lehiatzeko. Lotsabako jokatu behar da. Txapelketako egungo txapeldunak genituen aurrean, eta nik Aritz Erkiaga aurreko koadroetan, badakigu zein gaitza den berari tantoak sartzea. Ahalegin denak eta gehiago egin nituen, eta batzuk atera ziren. Pare bat errematera heldu nintzen, eta bi paretaz ere tantoak amaitu nituen.
Aimar Aldazabal bikotea etengabe zegoen harremanetan zugaz partidan. Zer esaten zizun?
Lasaiago jokatzeko esaten zidan Aimarrek. Gernika-Lumoko frontoia exigentea da, eta zulo handiagoak sortzen dira. Pilotaleku gogorrenetakoa da, bertan jokatzeko oso konpletoa izan behar zara, bestela asko sufrituko duzu. Ni, adibidez, indarra erabiltzen ari nintzen, eta esan zidan pilota gehiago kolokatzeko, hainbeste eman ordez. Oso gustura aritu nintzen beragaz, asko animatu ninduen denbora osoan eta, gainera, aholku onak eman zizkidan.
Aitak ere aholkuren bat edo beste ere eman zizun atsedenetako batean.
Arlo teknikoan lagundu zidan, errebesez gehiago luzatzeko esaten zidan, errebotea bilatzea, azken batean. Gero, nik galdetu nion ea zelan erreboteatu behar nuen Aritzi jokoan sartzen ez uzteko. Pasatzen ez banuen, aukerako pilotak hartzen zituen, eta erremateratzerakoan ez zuen barkatzen. Beti dago aita aholkuak ematen.
Badirudi pixkanaka profesionaltasunerako ateak zabaltzen ari direla gazteentzat.
Gazteok deiaren zain gaude, gogotsu. Udara begira, espero baten batek txapelketaren baten parte hartzeko aukera izatea. Oraindik ez dakigu zer egin behar dugun profesionalen artean aukera bat edukitzeko.
Hainbesteko jauzia dago maila batetik bestera?
Aldaketa handia dago afizionatu mailatik profesionaletara, jokoa oso desberdina da. Pilotak, esate baterako, aldatu egiten dira, eta horrek erritmoan eragin zuzena dauka. Telebistako kameren aurrean jokatzea ere desberdina da, presio handiagoa dago. Gazteok, gainera, jasotako aukera hori justifikatu behar izateko ardura hori daukagu batzuetan. Puntista gutxi batzuk daude, nire ustez, profesionaltasunera jauzia emateko gai direnak, jauzia oso handia da. Badirudi Urko Lekerikabeaskoa, Ion Ibarluzea edota ni gaudela gaur egun aukerekin. Hala ere, aukera gehiago behar ditugu, haiekin jokatu azken batean, horrela ikasten baita, eta pixkanaka lekua aurkitzen joango gara. Denbora guztian gure artean jokatzen badugu, motibazioa azkenean joan egingo da, eta gure hobekuntza eten egingo da.
Eta jauzi hori emateko, zer behar da?
Orain arteko txapelketetako aurreko partidetarako hartu gaituzte kontuan, baina nik itxaropena daukat txapelketaren batean hasieratik, titular moduan jokatzeko aukera izatea. Hori da nire esperantza, Markina-Xemeingo Grand Slamean, esate baterako, handia litzateke. Horretarako, berriz, hobetu beharra daukat, batez ere urduritasuna, egoera horiek hobeto kudeatzen jakin. Tantoa amaitzera jokatzen dut askotan, eta ikasi behar dut tanto bakoitza gehiago lantzen eta lasaiago jokatzen aukera izan arte. Horrez gain, ikasgai handi moduan dut errebotean hobetzea.
Zelan entrenatzen duzu horretarako?
Markina-Xemeinen batzuetan Jon Zabalagaz entrenatzen dut, eta gero barikuetan partidak jokatzen ditugu. Tartean daude, adibidez, Jokin Arbe edo Eñaut Salegi ere. Baina ni Leioako Unibertsitatean ikasten nago, eta gaur egun ez daukat entrenatzeko denbora askorik. Beraz, aukera daukadan bakoitzean entrenatzen dut, goizetan batez ere. Gontzal Uriona prestatzaile fisikoagaz nago azkenazkenaldian lanean, eta berak agindutako ariketak egiten ditut frontoiko lanagaz uztartuta. Hala ere, argi daukat gaur egun nire lehentasun nagusia ikasketak direla, behin amaitzen ditudanean hasiko nintzateke pentsatzen zesta gehiago lantzea, baina momentuz ez.
Zeintzuk dira zure helburuak etorkizun hurbilean?
Lehendabizi laster ditudan azterketak egitea eta gainditzea (kar-kar). Gero, entrenatzen jarraitu eta afizionatu mailan partida bakoitza borrokatu eta txapelak janzten saiatu jokatzen dudan txapelketa bakoitzean. Lan ona eginez gero, udara begira profesionalen artean aukeraren bat izateko esperantza mantentzen dut. Aukera hori eduki nahi dut, neuk neure buruari erakusteko gai naizen edo ez onenen artean jokatzeko.