Markina-Xemeinek ia bi milioi euro gutxiago izango ditu 2023ko aurrekontuan
Iaz ezezkoa eman ostean, herriko EH Bildu abstenitu egin da aurten.
Martitzenean [abenduak 20] osoko bilkuran Markina-Xemeingo Udalak 6.075.140,86 euroko aurrekontua onartu zuen 2023rako. Hau da, iaz baino ia bi milioi euro gutxiago, 1.909.863,78 euro hain zuzen ere. 2022ko aurrekontua 7.985.004,64 eurokoa izan da. “Herriko ondarea balioan jarri, aurrezte energetikoa ahalbidetu, merkataritza bultzatu eta berdintasuna indartzea helburu duten aurrekontua onartu dugu”, adierazi dute udal ordezkariek.
Udaletik esan dute “lan sakona” egin dutela aurrekontua aurrera eramateko eta aukera desberdinak aztertu dituztela. Aurrekontuaren “prozesu parte-hartzailea” goraipatu dute: “Beste urte batez hainbat herritarren proposamenak jaso ditugu. auzo batzarrak ere egin dira, beharrizan desberdinak ezagutzeko”.
EAJk aldeko botoa eman dio aurrekontuari, EH Bildu, berriz, abstenitu egin da. Iaz ezezkoa eman zion koalizioak. “Aurrekontua udaleko Antolakuntza batzordean partekatu du udal gobernuak, arlo guztietan sakonduz eta EH Bilduren galdera guztiak argituz”, esan dute.
Markina-Xemeingo “egungo erronkak” eta landutako plan desberdinak (Energia Plana, Berdintasun Plana, Irisgarritasun Plana eta Harrera Plana) hartu dituzte “gidalerro” moduan. 2023rako inbertsio plangintza datorren martxoan egingo diren kreditu aldaketekin osatuko dute. Besteak beste, herriko ondarea balioan jartzera, jasangarritasuna eta aurrezte energetikoa ahalbideratzera, merkataritza bultzatzera eta Berdintasuna indartzera bideratuko dituzte inbertsio nagusienak.
Alde zaharra eraberritzeko proiektua eta ideia lehiaketa (65.000 euro), Hilerria birgaitzeko lanak (155.570,48 euro), Bekobenta Eskolako eguzki instalazio fotovoltaikoa (75.000 euro, udalak landutako Energia Planetik ondorioztatuko neurria), herriko Eskoletan lantzen ari den Hezkidetza proiektua (8.435,70 euro) eta merkataritza bultzatzeko ekintza desberdinak (58.502,87 euro dira datorren urtean nabarmentzen diren sail esanguratsuenak. Horrez gain, oinarrizko zerbitzuak bermatzera bideraturiko sailik garrantzitsuenak mantenduko dituzte.