Maren Basterretxeak iraganaz lotura zuzena daukan 'Igaro' ikuskizuna dakar Ondarroara
Ikuskizuna abenduaren 30ean ikusi ahalko da, 19:00etan, Ondarroako Gaztetxean. Gaia sakona dela dio Maren Basterretxea aktore berriatuarrak; nagusiki helduei zuzendutako ikuskizuna dela dio.
Maren Basterretxea Iribar berriatuarraren eskutik, Igaro ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea egongo da Ondarroan abenduaren 30ean, 19:00tan, gaztetxeean; emanaldia Ibilaldiaren baitako ekintza da.
Antzezlana berriatuarrak gradu amaierako lanerako aurkeztu zuen proiektua da. Iraganeko ametsen nostalgia gai hartuta, objektuekin eta txotxongiloekin egituratzen den lana prestatu zuen. Objektuak iraganeko zatiak kontatzeko «katalizadore» bezala erabiltzen dituela azaldu du artistak. Txotxongiloek pertsonaiaren iragana islatzen dute, eta jorratu nahi izan duena da «zein zaila den gaur egun egunerokotasunaz gozatzea».
Berriatuarrak dio «uneoro» ari garela etorkizunean pentsatzen, eta lan hau, besteak beste, «gure arbasoei eskerrak emateko» erabili duela.
Helduentzako ekitaldia bada ere, Basterretxeak esan du lanak irauten dituen 30 minutuetan ume bati ez diola galtzeko denbora ematen. Lanak ez dauka umeentzako ez den gairik, eta «oso bisuala» denez, arreta mantetzea erraza dela dio. Hala ere, gaia sakona dela dio eta, nagusiki, helduei zuzendutakoa.
Berriatuko artistak bi urte eman ditu denetara proiektua lantzen, eta hasiera batean buruan gai desberdinak zituen arren, «nahikoa argi» zeukan landu nahi zuen gai nagusiak iraganagaz lotura zuzena eduki behar zuela.