Lekeitioko Udalak aho batez onartu du Maderas de Lekeitioko lurrak erostea
1.350.000 euro ordainduko dute hogei hektareako eremuagatik. «Pasatzen utzi ezin den aukeratzat» jo dute EAJk eta EH Bilduk, hau da, herriarentzat aukera «paregabe» eta «estrategikotzat»
Lekeitioko Udalak Maderas de Lekeitioko Antzoriz-Eluntzeta lur eremua erosiko du. Erabakia atzoko [abenduak 22] osoko bilkuran onartu zuten, aho batez, EAJk eta EH Bilduk. Jabeari 1.350.000 euro ordaindu dizkiote hogei hektareako lurrengatik. Lurrak erosteko espedienteari hasiera ematea erabaki dute, osoko bilkuran salerosketa prozedura hasteko proposamena eginez.
Hain zuzen ere, «estrategikotzat» jo dute lurren erosketa: «Lur eremu honen kokapena eta ezaugarriak kontutan izanik, garrantzi handikotzat hartzen du udalak lur hauek eskuratzea». Aukera «paregabea» dela esan dute Lekeitiok hurrengo urteetan izango dituen «erronkei» aurre egiteko.
Udala osatzen duten bi alderdi politikoek hainbat aldiz jorratu dute lurren erosketaren beharraren edo egokitasunaren gaia. Hainbat kontaktu eta bilera egin dituzte lursailen jabe den erakundeekin. Era berean, jakitun dira erosketak izango dituen eragin zuzenetaz: «besteak beste, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako Lurralde Antolamenduko araudiak, Espainiar Estatuko Kostako Legeak, Ispasterko eta Lekeitioko HAPOek eta, orokorrean, hirigintza eta ingurumenari dagokien arau edo legedi ezberdinek, babestutako habitat eta/edo espezie desberdinen bizitokiak izateaz gain».
«herritarren eta herriaren beharrizanei irtenbideak emango dizkiona»
Azken urteetan jabeak 900.000 euro baino gehiagoko inbertsio obrak egin ditu lurretan herritarren segurtasuna bermatzeko. «Oraindik lan asko dago egiteko Antzoriz-Eluntzeta eremua birnaturalizatzeko, jatorrizko egoerara bueltaratzeko eta balioan jartzeko». Esate baterako, eremuaren zati bat «balizko kutsatutako lurzorua» da. Hau da, Maderas de Lekeitiok izandako jardueragatik lurzorua kutsatua egon daiteke. «Beraz, herritarrek eremuaz gozatu dezaten, hurrengo urteetako erronketako bat kutsatutako lurrak garbitzea izango litzateke».
Ezinbestekoa. EAJk eta EH Bilduk Lekeitioko gune «garrantzitsu eta berezitzat» bezala ikusten dute Antzoriz-Eluntzeta eremua, «herritarren eta herriaren beharrizanei irtenbideak emango dizkiona». Adierazi dute herriaren etorkizunerako «ezinbesteko» lurrak direla. Hogei hektarea ditu, hau da, Lekeitioko herrigunearen bestekoa da, eta horrenbestez, «ondasun honen egokitasun berezia ezinbestekoa da etorkizunerako».
Urte eta erdiko negoziaketaren ostean lortu dute akordioa, tartean eremuaren balorazio ekonomikoa egin dute. «Ezin daiteke ukatu Lekeitioko Udalak egin beharreko esfortzu ekonomikoa handia dela operazio hau burutu ahal izateko, baina udalaren egoera ekonomiko saneatua kontutan izanik eta momentu honetan lurrak eskuratzeko agertzen den aukera hau, pasatzen utzi ezin den aukeratzat ematen dugu».