Etxebarriko, Munitibarko eta Markina-Xemeingo mendiak eraldatuko ditu aldundiak
3,2 milioi euroko inbertsioa egingo du Bizkaiko Foru Aldundiak hamalau udalerritan, tartean daude Lea-Artibai eskualdekoak, guztira ia 600 hektarea dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak mendiak eraldatzeko prozesuari ekin dio, eta 2021ean eta 2022an 21 lurralde erosi ditu hamalau udalerritan, eta tartean daude Etxebarri, Munitibar eta Markina-Xemein. Gainontzekoak dira Alonsotegi, Barakaldo, Busturia, Dima, Gordexola, Gueñes, Iurreta, Mañaria, Mendata Zalla eta Zeberio. Guztira 550,90 hektarea dira, eta horretarako 3,2 milioi euro inbertitu dituzte, 1,7 milioi 2021ean eta beste 1,5 milioi 2022an.
Aldundiak partikularrei mendiko lursailak erosten ditu, ondoren espezie autoktonoekin birlandatzeko. Helburu berak mantentzen dituela argitu du: “baso autoktonoak hartzen duen baso-azalera handitzea, natura-gune horien kontserbazioaren eta basogintza-sektorearen jarduera ekonomikoaren garapenaren arteko oreka modu jasangarrian lortzeko”.
Dagoeneko lursail batzuetan osatu da birlandatze prozesua, 34.424 zuhaitz autoktono landatu dituzte, eta gehienak –29.028– haritzak dira. Horrela, lursail horien ezaugarrietarako egokia den baso autoktonoa birsortuko dute. Horretarako, Bizkaian dauden bertako landaredi-sistemetan zuhaitz-espezie nagusiak eta horiekin batera daudenak erabiltzen dituzte. Espezie horien artean, lizarrak, gereziondoak, endrinoak, urkiak, gaztainondoak, pagoak eta elorri zuriak daude. BFAk baso autoktono horien banaketan lurralde oreka mantendu nahi du.
Gainontzeko lursailetan, berriz, birlandatzea prestatzeko aldez aurreko jarduerak planifikatzen ari dira; izan ere, horietako gehienetan, beharrezkoa da landatutako zuhaitzak moztu eta erauztea eta lurra egokitzea, ondoren landatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundia lurraldeko mendiak eraldatzeko garatzen ari den ekimenen artean daude, halaber, baso autoktonoa duten foru-titulartasuneko mendiak zaharberritzea, eukaliptoaren hedapena geldiarazten duen luzamendua eta Mendiei buruzko Foru Arauaren aldaketa integrala, betiere arau hori egungo errealitatera, banda marroiaren ondorioz ireki diren agertokietara eta naturgune horien kontserbazioarekiko gizarte-sentsibilitatera egokitu nahian.