Bizkaibuseko langileek lanuzteak gehituko dituzte
Busturia Lea Artibaiko (BLB) Bizkaibuseko langileek 31 eguneko lanuzte partzialak egingo dituzte urteko lehen hiruhilekoan, 24 orduko bi greba egunekin batera. Bihar [urtarrilak 10] geldialdiak egingo dituztela iragarri dute.
Busturia Lea Artibai (BLB) Bizkaibuseko langileek lanuzteak gehituko dituzte, eta 31 eguneko lanuzte partzialak egingo dituzte urteko lehen hiruhilekoan, 24 orduko bi greba egunekin batera. Bizkaibuseko 5 emakidadunetatik lauk lanuzteak, grebak eta mobilizazioak deitu dituzte, eta zaila izango da autobus lineetan normaltasunez bidaiatzea.
Urtarrilerako, otsailerako eta martxorako lanuzte eta greba egunak zehaztu dituzte, eta egun hauetan izango dira bihartik [urtarrilak 10] aurrerako lanuzte egunak.
- Urtarrileko lanuzteak: 10, 13, 16, 19, 20, 24, 27 eta 31n. Egun horietan 06:25etik 09:35era, 13:15etik 16:30era eta 17:55etik 21:35era izango dira.
- Otsaileko lanuzteak: 2, 3, 8, 10, 14, 17, 20, 23, 24 eta 28an.
- Martxoko lanuzteak: 2, 3, 6, 8, 11, 17, 21, 22, 24, 27 eta 31n.
24 orduko grebak otsailaren 6an eta martxoaren 16an izango dira, eta manifestazioak egingo dituzte Bilbon 08:00etatik aurrera; egun horietan, gainera, elkarretaratzeak egingo dituzte Foru Jauregiaren aurrean, 10:00etatik 10:30era bitartean. Horrez gainera, zehaztu dute hilero birritan elkarretaratzeak egingo dituztela Aparcavisa enpresaren bulegoen aurrean.
Busturia Lea Artibai (BLB) Bizkaibusek Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Gernika-Lumo, Mungia, Ermua, EHU eta Galdakaoko ospitalea Bilbogaz lotzen dituzten lineei eragiten die, sindikatuak jakitera eman duenez.
UGTk salatutakoaren arabera, 2020ko abendutik eguneratu barik dago hitzarmena, eta langileek KPIaren araberako soldata igoera jasotzen duen hitzarmen kolektibo berri bat eskatzen dute; izan ere, gogoratu dute Avanza Durangaldean “2021eko KPIaren (% 6,4) araberako soldata igoerak dituen hitzarmena lortu dutela.
Oscar Lopez batzordeko presidenteak ohartarazi du “negoziaketa zaila izaten ari dela”, eta horrek guztiak “gatazka denbora luzez” luzatuko duela
Hala, KPIa bermatuko duen soldata igoera adosteko eskatu die UGTk Bizkaibuseko zerbitzuaren arduradunak diren Bizkaiko Foru Aldundiari eta Alsa/Transitia enpresa emakidadunari, beste kontzesionari batean egin den modura. “Bizkaibuseko zerbitzuaren arduraduna den aldetik, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen diogu bitartekari izan dadila fede oneko negoziazio bat egiteko eta KPIaren inguruko soldata igoerak adosteko”, diote. Hau da, emakidadun “batzuen eta besteen artean soldata aldeak ez ezartzeko” eskatu die.
Oscar Lopez batzordeko presidenteak ohartarazi du “negoziaketa zaila izaten ari dela”, eta horrek guztiak “gatazka denbora luzez” luzatuko duela. UGTko ordezkariek osatutako Enpresa Batzordeak adierazi du gatazkari irtenbidea eman ezean “ez dela bake sozialik” egongo.