Lekeitioko Udalak energia kontsumo eraginkorragoa izateko neurriak hartu ditu
Hala ere, udal ordezkariek esan dute “ezinbestekoa” dela herritarrek ere haien kontsumoa murriztea ahal duten neurrian.
Lekeitioko Udalak azken hilabeteetako egoera sozioekonomikoak energiaren kontsumo eraginkorragoa egitera behartu du. Horretarako, udal ordezkariek udal eraikinen azterketa sakon bat eraman dute aurrera eta neurri desberdinak hartu dituzte erabiltzen den energia eraginkorragoa izateko.
Alde batetik, igerileku handiaren tenperatura gradu bat gutxiagotu dute. Beste alde batetik, udal eraikinetan berogailuen tenperatura gehienez ere 19 gradutan egongo da. Azkenik, Uribarren eta Abaroa parkeak ixten diren momentuan argiak itzaliko dituzte energi aurreztu ahal izateko.
Eraikinei dagokienez, kultur etxeko argiteria ere berriztu egingo dute, horretarako LED sistema jarriko dute udaletik. “Hartutako erabaki eta neurri guztiarekin energiaren erabilera eraginkorragoa egingo da”, adierazi dute udal ordezkariek. Hala ere, gogoratu dute “ezinbestekoa” dela herritarrek ere haien kontsumoa murriztea bakoitzak ahal duen neurrian.