Markina-Xemeingo EH Bilduk 2023ko udal aurrekontuetan egindako ekarpenak zehaztu ditu
Koalizioa abstenitu egin zen aurrekontuetan ez dutelako bat egiten udalaren “lan egiteko moduagaz”.
Markina-Xemeingo Udalak 6.075.140,86 euroko aurrekontua onartu zuen 2023rako, hau da, iaz baino ia bi milioi euro gutxiago. EAJk alde bozkatu zuen, eta EH Bildu abstenitu egin zen. Koalizioak haien erabakiaren arrazoiak argitu nahi izan ditu. EH Bilduk esan du ez duela bat egiten aurrekontua lortzeko “lan egiteko moduagaz, ez gai ezberdinen ikuspuntuarekin, ezta planteatutako baloreekin ere”.
EH Bilduk adierazi du haien lan egiteko modua gauzak “taldean” egitea dela: “gai bakoitzean dauden beharrak detektatu, lehentasunak ezarri eta beharrezko lanketa eta planteamenduak adostea”. Haien ustez, egungo udalaren gauzak egiteko modua bestelakoa da: “proiektu asko udaletik kanpoko erakundeen esku uzten dira, enpresak azpikontratatuz… Perspektiba eta talde lana falta dira!”.
Askotarikoak. Horrez gain, 2023ko aurrekontuetan jasotako EH Bilduren ekarpenen berri eman dute. Urtero bezala, diru soberakina edo remanentea zertan erabiliko den zehazteko eskera egin dute eta aurten dagoeneko zehaztu dute zertan erabiliko den. Lehendik diseinatutako Harrera Plana berrabiarazteko diru kopuru bat bideratzea lortu dute. Artibai Bideari dagokionez, Ondarroa, Berriatua, Markina-Xemein, Ziortza-Bolibar eta Etxebarria lotuko lituzkeen oinezkoen bidea aztertzen jarraitzeko dirua asignatuta dago.
Herri basoak handitzen jarraitzeko eskaera egin zuten; oraingoan, Urko ibaiaren iturburua babesteko helburuagaz. Diru partida bat bideratu da horretarako. Udalak urtero bideratzen du dirua auzo bideak konpontzera, baina EH Bilduk “beharrizanen araberako plangintza” egitea eskatu du, eta kontuan hartu da aurrekontuan.
Energia Planaren diagnostikoa eginda dago, EH Bilduren arabera, bertan ezarritako “lehentasunei kasurik egin gabe”, udalak Uhagonen biomasa galdara instalatzea proposatu zuen (96.000 euro, 3.000 kw-eko aurrezpena). Koalizio taldeak, diagnostikoak adierazitako beharrizan eta lehentasunei kasu eginez, instalazio hori Bekobenta eskolan ipintzea proposatu zuen (170.000 euro, 13.000 kw-eko aurrezpena). Hain zuzen ere, azken hori da aurrekontuan jaso dena. Uhagon Kulturgunerako bestelako planteamendu bat ezarri dute: “Uhagonek, berriz, optimizazio plana beharko luke, adibidez, soilik erabiltzen diren guneetako argiak eta berogailuak pizteko sistemak ezarriz; gainera, aurrerago frontoiko plakekin sortutako energiarekin Uhagon hornitzea aurreikusita dago”.
EH Bilduk esan du “talde lanean” jarraituko duela: “herriarentzako eta herritarrentzako beharrizanak eta lehentasunak detektatuz, plangintzak perspektibarekin eginez eta ezkerreko politikak proposatuz”.