Sei bikotek parte hartuko dute Lekeitioko Trinketeko Beteranoen esku pilota txapelketan
Atzo [urtarrilak 8] egin zuten XVII. Txapelketaren aurkezpena eta bide batez materiala aukeratu zuten.
Domekan [urtarrilak 15] hasiko da Akarregi pilota elkarteak antolatutako Lekeitioko Trinketeko Beteranoen XVII. Binakako Esku Pilota Txapelketa. Aurten sei bikotek bilatuko dute txapela, tartean daude Gandiaga anaiak, azken bi urteetako txapeldunak. Beste bost bikoteak hurrengokoak dira: Rober-Egaña, Goitia-Foster, Beraza-Telleria, Latxiondo-Madariaga eta Erki-Gojenola.
Aurkezpenean, Lekeitioko Akarregi Pilota Kirol Elkarteak eskerrak emateko baliatu zuen: “eskerrak eman dizkiegu parte hartzaile, laguntzaile eta babesle guztiei, euskal pilotaren alde egiten duten lan guztiagatik eta txapelketa honen antolaketaren ezinbesteko sostengu direlako”. Hain zuzen ere, txapelketa herrikoia dela nabarmendu dute. Parte hartzaileek antolakuntzako zereginetan parte hartzen dute, adibidez, dirua eta opariak lortzen, kartelak egin eta jarriz edota jantzi, garaikur eta txapelak erosten. Era berean, behar bada, parte hartzaile bikote bakoitzak, programan agertzen den egunean arduradun eta epailea izan behar dute: materiala banandu eta batu, emaitzak apuntatu eta tabernan entregatuz.
Hitzordua. Horrenbestez, lekeitiarrek eta pilota zaleek domeka goiz bakoitzean hitzordua izango dute trinketean 10:00etatik aurrera. Txapelketaren formatuari dagokionez, beste urte batzuetako berdina izango da. Hau da, bost partidako ligaxka bat jokatuko dute, sailkapeneko lau bikoterik onenek egingo dute aurrera finalaurrekoetara. Finalerdiak hiru partidetako onenera jokatuko dira, finalerako txartela lortzeko bi irabazi beharko dituzte parte hartzaileek. Final handia martxoaren 19an jokatuko da.
Bost astez luzatuko da lehen fasea eta lehen jardunaldian Rober-Egaña bikoteak Erki eta Gojenola izango ditu aurrean, Gandiaga anaiek Goitia eta Fosterren aurka neurtuko dituzte indarrak debutean eta azken partidan Beraza-Telleria eta Latxiondo-Madariaga bikoteak egongo dira aurrez-aurre. Txapela ostera ere janzteko faborito nagusiak Gandiaga anaiak dira. “Azken bi urteetan garaile izan diren Gandiaga Anaiak faborito paperarekin irteten diren arren, beste bost bikoteak berriatuarrei gauzak zail jartzen saiatuko dira”, adierazi dute antolatzaileek.
Era berean, Akarregi pilota elkartetik txapelketako arauak zehaztu dituzte. Partiduak 30 tantora jokatuko dira eta pilotariek praka eta kamiseta zuria jantzi beharko dute. Irabazleek bi puntu eskuratuko dituzte sailkapenerako, galdutakoek bat eta aurkezten ez den bikoteak huts. Ligaxkaren amaieran puntuetan berdinduta geratu ez gero, berdinduta dauden bikoteek partida jokatu beharko dute. Bikote bi baino gehiago badaude, euren artean eta egun berean jokatuko dute kanporaketa. Partiduren bat edo bat ezin bada jokatu, egun berria parte hartzaileen artean adostu beharko dute. Partida horiek otsailaren 19an jokatuko dira.