5 urte beteko ditu "duintasunari bideak zabaltzeko" pentsiodunen borrokak
Bost urteko borroka ospatzeko eta borrokan jarraitu beharra dagoela aldarrikatzeko pentsiodunak kalera atera dira astelehenean [urtarrilak 16]. Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Mutrikun 12:00etan jarri dituzte hitzorduak.
5 urte beteko dira astelehenenan pentsiodunak euren eskubideen alde borrokan hasi zirenetik. Etenik bariko borroka izan da, eta nekeari herrietako plazak betez egin diote aurre. Hala, ospakizunak eta borrokak batuko ditu Busturialdeko pentsiodunak astelehenean, bost urteko borroka ospatzeko eta borrokan jarraitu beharra dagoela aldarrikatzeko. Hala, Lekeitioko, Markina-Xemeingi, Ondarroako eta Mutrikuko plazak astelehenero legez beteko dira 12:00etan, eta borrokari eusteko deia zabalduko dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko kideek.
Astelehen eguerdietako hiri paisaiaren parte bihurtu dira pentsiodunak. Duela 5 urteko 0,25eko eskaerak “indartsu eta emakor” bihurtu zuen euren borroka, eta gutxieneko 1.080ko pentsioa eta 1.200 euroko soldaten eskaera lau haizetara zabaldu dute. “Ospatzeko deia luzatu gura diegu hasieratik borrokabide izan ditugun denei: ilusio handiz gogotsu gurekin batera ekin eta bide gogorrak nekatu zituen guztiei; baita txaloka hartu gintuztenei, mota bateko zein besteko eragile sozial, sindikal, intelektual eta politikoei ere”, adierazi dute.
Borrokak molde desberdinetako kideak izan dituela gogoraratu dute, belaunaldi zein ikuspegi desberdinetako pertsonak batu dituelako. Hala, ere, pentsiodunek diotenez, bidean zenbait “oztopo” gainditu behar izan dituzte, baina balantzea “baikorra” dela adierazi dute: “Horregatik ospakizunerako aldarria”.
Aldi berean, badagoela eredu soziala aldatzeko “nahikoa zeregin” diote, eta borrokari eusteko arrazoiak dituztela adierazi dute; besteren artean, eros ahalmenaren urritzearen kontra, gizon eta emakumeen arteko arrakalagaz amaitzearen alde, eta zahar etxeetako egoiliar eta langileen egoera “kaskarraren” berri emateko aldarriak plazaratzen jarraituko dute. “Gure ongizatearen sozietate honetan, arrakalak handiak dira oraindik. Eros ahalmenaren urritzea, emakume eta gizonezkoen arteko arrakala, alargunen egoera larria, zahar etxeetan dauden egoiliarren eta beharginen egoera kaskarra, gazteekiko politika baztertzaile diskriminatzaileak… Ahulenen pobreziarako ateak zabal-zabalik diraute”, azaldu dute pentsiodunak.
Horregatik guztiagatik, gaurko eta biharko pentsio duinak lortzeko deia zabaltzen jarraituko dute aurten ere: “Ahaleginean eta heldutasunean sinesberak gara. Ospakizun deia dakat datak, eta borrokari erabat batutako urtarrilaren 16a daukagu begien bistan. Erdu plazara. Euskal Herriko ia 80 plazatan nabarmenduko gara, 6. urteurrena ere beteko dugula iragarriz”.