Gauza bakarra dago argi
Bi partida bakarrik falta dira Jai Alai Winter Series txapelketako ligaxka amaitzeko. Jokin Arbe eta Ibon Aldazabal puntista eta adituek analisia egin dute.
Partida bi bakarrik falta dira Gernika-Lumoko Jai Alai Winter Series txapelketako ligaxka amaitzeko, eta gauza bakarra dago argi: ez dagoela ezer argituta. Astelehenean Erkiaga-Zabala Olharan-Basqueren aurka eta hilaren 23an Goikoetxea-Etxeto Tanborindegi-Minviellen kontra. Hor erabakiko da dena.
Ezer argi ikusten ez dutenen artean daude Jokin Arbe eta Ibon Aldazabal punstistak eta ETBren emankizunetako adituak. «Amaierara heltzen ari gara, eta bakoitzak bere beharrizanak eta helburuak ditu. Inbutua estutzen doa», esan du markina-xemeindarrak. «Oso zabalik dago dena, gaur egun esango nuke inork gutxik daukala faborito argi bat», gehitu du berriatuarrak.
Txapelketaren hasieran, berriz, oso bestelakoak ziren sentsazioak. «Bazirudien izenez bikote batzuk besteen gainetik egongo zirela, baina txapelketak erakutsi du faboritoak, agian, ez zirela hain faborito, eta bestelako izenak sartu direla. Hankaz gora jarri duten bikoteak egon dira, eta oraindik ez dago ezer erabakita», dio Aldazabalek. «Hasiera batean, bikoteak jakinarazi zirenean, ez zen espero agian hainbesteko berdintasunik egotea, bost bikote ikusten ziren gainontzekoen gainetik eta beste hiru bikote gazteagoak eta desorekatuagoak», dio Arbek.
“Beste lan batzuetan egiten den bezala, esperiantzadunekin gehiago ikasten da”
Gazteek galtzeko gutxiago daukate: «Erakutsi nahi du zein den bere jokoa, bere izena jakitera eman. Beteranoek, berriz, badakite zen den hori, baita 2.000 pertsonaren aurrean jokatzea. Gazteek hasieratik berez daukate tentsio hori, beteranoagoek partidua aurrera joan ahala lortzen dute». Aurrelariak bestelako bikoteak osatuko lituzke, gazteak eta beteranoak nahastuz: «Beste lan batzuetan egiten den bezala, esperiantzadunekin gehiago ikasten da. Enpresa, berriz, ezustekoaren bila joan da».
Berdintasunaz eta orekaz gain, txapelketako beste ezaugarri nagusia gazteen sarrera izan da. Biak ala biak ados daude ikusleei izen berriak ikustea gustatzen zaiela. «Bizitasuna eta gogo itzelak erakutsi dituzte, eta etorkizunerako pilotariak badaude, oraindik egokitzeko denbora behar dute», esan du atzelariak. Zesta-puntak ez dauka esku pilotak daukan modura egutegi ofizialik, beraz, jokoz ondo dagoenaren bila joaten da enpresa. «Hori bai, agian ez da momenturik egokiena, txapelketarik garrantzitsuena baita. Gazteentzako ere ez da erraza, aukera baliatu nahi dutelako», dio Arbek.
“Asko gustatu zaigu hartu duten heldutasuna”
Horretarako, errezeta magikorik ez badago ere, markina-xemeindarrak bide baten aldeko apustua egingo luke. «Hobe da beste maila batzuetako partidetan aukera ematea lehendabizi, libreago jokatzen duzu, ardura gutxiagogaz, pixkanaka egin beharreko zerbait da. Profesionalizatuta dagoen kirol batean ez dira horrelakoak gertatzen, bide onetik goaz, baina oraindik pauso asko daude emateko».
Bikoteetaz baino izen propioetaz galdetuta, badituzte zenbait buruan. Hasteko, klasikoagoak. «Aritz Erkiaga eta Imanol Lopez, adibidez, egungo aurrelaririk eta atzelaririk onenak dira, beti daude onenen artean», diote. «Iñaki Osa Goikoetxeak eta Nikolas Etxetok, adibidez, maila ikusgarria erakutsi zuten lehen partidan, baina bigarrenean ez ziren eroso egon. Jean Olharan eta Thibault Basque merezita egongo dira finalerdietan». Beste bi izenekin ere bat etorri dira Arbe eta Aldazabal: Julen Del Rio eta Johan Sorozabal. «Asko gustatu zaigu hartu duten heldutasuna. Gasteiztarrak askotan partidako agintea hartu du. Bidartarrak oso ondo jokatu zuen azken partida, oso kontzentratuta. Aurrelari arriskutsua dela denok badakigu, baina gazte askoren moduan, arinegi amaitu nahi du tantoa, ahal duen bakoitzean. Nahiz eta kanpoan geratu, txapelketa bikaina egin dute».
Harrigarria izan ez dena ikusleen erantzuna izan da. «Arrakasta espero zen, baina astelehenero gero eta jende gehiago etorri da frontoira. Jende gutxiago zegoela esaten genuenean 1.400 pertsonaz hitz egiten ari ginen», dio berriatuarrak. «Euskal Herriko zazpi probintzietako herritarrak datoz Gernika-Lumora arte, Iparraldetik, adibidez, autobus asko heltzen dira. Horrez gain, telebistan ere ikusle kopurua asko handitu da», gaineratu du markina-xemeindarrak. Astelehenetako hitzorduan bilakatu da Jai Alai Winter Series Txapelketa. «Produktua eta giroa bikainak dira, eta askok ohitura hartu dute astelehen baten bai eta hurrengoan ere bai frontoira joateko», azpimarratu du atzelariak.
«Azkenean, gure lana da emankizunari balio erantsi bat ematea»
Bestelako ikuspuntua. Haiek ere telebistara egin dute jauzi, aditu lanetan dabiltza emankizunetan, «gustura». Hori bai, bi jarrera desberdin dituzte. Arbek nahiagoko luke kantxan egon: «Pena handia eman zidan txapelketa jokatu ez izanak, uste dut merezi nuela. Argi daukat pilotaria naizela, astean bost edo sei aldiz entrenatzen dut horretarako. Kantxan egotea gustatuko litzaidake, baina enpresak bestelako apustu baten alde egin zuen».
Aldazabal, berriz, bizitzako beste etapa batean dago murgilduta. «Nire buruagaz erabaki dut alde batera uztea zesta-punta profesionala, beste lehentasun batzuk ditut gaur egun». Hala ere, bertan egonda ezin ditu ezkutatu jokatzeko gogoak. «Batez ere Gernika-Lumokoa bezalako frontoi batean, hain ondo jokatu dudan kantxa batean, nire jokamoldera hain ondo egokitzen dena».
Biek ala biek pilota sena mantentzen dute, eta hori da emankizunetan ematen saiatzen direna. «Arlo teknikotik atzertzen ditut partidak estrategia aldaketak edota pilota aukeraketak, adibidez», esan du aurrelariak. Atzelaria «giroak eta momentuak» eskatzen duena saiatzen da ematen: «Azkenean, gure lana da emankizunari balio erantsi bat ematea».