Markina-Xemeingo Udalak batzar parte-hartzaileak antolatzen jarraitzen du
Urtarrilean euskara, kirola, kultura eta jaiak izango dituzte hizpide.
Markina-Xemeingo Udalak azken urteetako bide orria jarraituz, eta herritarren eta eragileen iritziak eta proposamenak jasotzeko helburuagaz, batzar parte hartzaileak antolatu ditu urtarrilean. Hain zuzen ere, datorren astean oinarrituko dira bilerak eta hainbat gai jorratuko dituzte. Jakinarazi dutenez, denak ala denak udaletxeko bilkura aretoan egingo dituzte eta 19:00etan emango zaie hasiera.
Datorren astelehenean [urtarrilak 16] egingo dute lehen bilera, euskararen ingurukoa. Bertan, hainbat gai garatuko dituzte. Besteak beste, 2023-2027 urteetarako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana onartzea dute aurreikusita. Horrez gain, 2023 urterako antolatu nahi dituzten egitasmoen inguruan ariko dira, planifikazio eta egutegi bat egin nahian. Bide batez, 2022ko Euskaraldiaren eta Euskararen Eguneko balorazioa egingo dute. Azkenik, ekarpenak egiteko tartea zabalduko dute.
Martitzenean [urtarrilak 17] kirolaren inguruko gaiak aztertuko dituzte batzar parte hartzailean. Bertan, 2023 urteko plangintza egitea dute aurreikusita. Era berean, herritarren eta eragileen iritziak eta proposamenak jasoko dituzte. Eguaztenean [urtarrilak 18] kultura eta jaiak jorratuko dituzte bileran aurten aurrera eraman nahi diren ekintzen inguran hitz eginez. Aurreko batzarretan moduan, norberaren ekarpenak egiteko tartea zabalduko dute.