San Anton Jaiekin emango diote hasiera urteari Markina-Xemeingo Barinaga auzoan
Domekan [urtarrilak 15] emango diote hasiera urtarrilaren 21era arte luzatuko den egitarau oparoari.
Gabonetako ospakizunetaz gain, sanantonak dira urteko lehendabiziko jaiak. Ondo baino hobeto ospatzen dituzte Markina-Xemeingo Barinaga auzoan. Domekan [urtarrilak 15] emango diote hasiera urtarrilaren 21era arte luzatuko den egitarau luze zein oparoari, denentzeko ekintzak egongo baitira.
Domekan [urtarrilak 15] batik bat nagusientzako ekimenak antolatu dituzte Barinagako Jai Batzordetik. Hori bai, jaiei hasiera emateko, eta bidez batez auzoko nondik norako guztiak ezagutzeko Barinaga ezagutuz ibilaldia egingo dute 10:00etatik aurrera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, amaitutakoan parte hartzaile guztientzat kopaua banatuko dute. 12:15ean meza egingo dute, eta ostean txikiteoan elkartuko dira 14:00etan jubilatuen bazkaria egingo baitute. Mahai inguruan elkartu ahal izateko izena eman behar da Baskaran estankoan. 17:00etan hasiko da briska txapelketa. Sari potoloak egongo dira karta jokoan abileziarik onena erakusten dutenentzat. Bikote irabazleak Unai Iturgintzak emandako txapelak eta 120 euro eramango ditu etxera. Bigarren sailkatuek 80 euro, hirugarren bikoteak 50 euro eta laugarrenek Baskaraneko produktuak.
Auzotarrek hurrengo asteburura arte itxaron beharko dute ostera ere jaiei jarraipena eman ahal izateko. Datorren barikuan [urtarrilak 20] pilota partiduak jokatu dituzte frontoian. Barinagako Jai Batzordetik esan dutenez, jokatzen dutenek kopaua izango dute txapelketa amaitzen denean. Amaitu bezain laster, herritarrak ez dira frontoitik mugitu beharko, baina modalitatez aldatuko dira. Pala txapelketako finala jokatu da 19:00etatik aurrera, irabazleak Strulaser Tubok emandako txapela jantziko du. San Anton Jaietako ekintza asko eginda egongo badira ere, ez zaie iluntzera arte hasiera ofiziala emango txupinazoagaz eta osteko txikiteoagaz.
Zapatuan [urtarrilak 21] arratsaldean eta gauean egingo dira egitarauko ekimen nagusiak. 16:00etan Markina-Xemeingo MX3T taldeak antolatutako II. Neguko Bolak txapelketa final handia jokatuko da Barinagako bolatokian. Bola jokoan aritu nahi ez dutenek ere bestelako ekintzak izango dituzte. Gazteenek hainbat aukera izango dituzte Markina-Xemeingo erraldoiekin, umeentzako jolasekin edota Toka jolasagaz. 17:00etan mus txapelketa hasiko da. Sariei dagokionez, briskakoen berdina izango dira, baina txapelak Ezenarrok emango ditu: irabazleek 120 euro poltsikoratuko dituzte, bigarrenek 80 euro, hirugarrenek 50 euro eta laugarrenek Baskaraneko produktuak.
Giro ona nabarmena izaten da urtero bertso afarian. Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarrak eta Andoni EgaƱa Makazaga bertsolari zarauztarrak ipiniko diote doinua afariari. Afarirako tiketak Baskararen eskuratu daitezke, ikasle eta langabetuentzako 25 euro eta langileentzako 35 euro. Gero, rifaren zozketa egingo dute. Ostean, dantzarako aukera ere egongo da Laja II eta Lutxurdixo trikitilariekin. Goizaldera arte eusten dutenek, gainera, berekatz zopa edukiko dute zapatuko jaia amaitzeko.