Markina-Xemeingo Landare Azokan izena emateko epea zabalik dago
Otsailaren 11n ospatuko da Landare Azoka 10:00etatik 14:30era.
Markina-Xemeinek beste urte batez hartuko du Landare Azoka, otsailaren 11 hain zuzen ere. 10:00etatik 14:30era mota guztietako landareak ikusteko eta erosteko aukera izango dute Lea-Artibai eskualdeko eta inguruko herritarrek. Horrez gain, bestelako produktuak ere egongo dira eta udaletik jakinarazi dutenez, 20 postu baino gehiago jarriko dituzte.
“Lea-Artibai eskualdean lehen sektoreak orokorrean eta lurreko produktuek izan duten eta daukaten garrantzia kontuan izanik, ezinbesteko jotzen dugu herritarrengana produktu hauek hurbiltzeko ekimenak aurrera eramatea”, adierazi dute udal ordezkariek. Markina-Xemeingo Udalak ulertzen du lehen sektorea “garrantzitsua” dela “ekonomiarentzat, ingurumenarekiko errespetuarentzat, kontsumo jasangarriarentzat eta biztanleriaren osasunarentzat”. Hain zuzen ere, horregatik hartzen dute “funtsezko” sektore moduan, bere bideragarritasunean “laguntzeko” hainbat ekimen aurrera eramaten ditu, besteak beste, azokak.
Haien produktuak erakutsi nahi dituzten ekoizleek dagoeneko zabalik zute izena emateko epea, urtarrilaren 18an amaituko da. Bi aukera zabaldu dituzte horretarako. Batetik, udaletxeko Berton bulegoan 08:15eatik 14:30era, eta bestetik, komunikazioa@markina-xemein.eus posta elektronikora mezua bidalita. Azaldu dutenez, ez dituzte onartuko epez kanpo aurkeztutako eskaerak.
Landare Azokan landare mintegiek zein ekoizle eta artisauek parte hartu dezakete. Ekimen bakoitzak dauzkan ezaugarriak kontuan hartuta produktu ezberdin bakoitzaren saltzaile kopurua mugatua izango da. Landare azoka izanik, landare mintegi edo eta haztegiek lehentasuna izango dute, eta lekua, aurreko urteetako parte hartzea eta landare motaren arabera antolatzaileek erabakiko dute zenbati eman baiezko erantzuna. Emakumeen presentzia, etxaldean egotea, marka babestuak izatea edota ingurumenarekiko jasangarritasuna izatea hartuko dute kontuan.
Aurreratu dute ekoizleentzat 20 postu jarriko dituztela: ortuarientzako bi postu, esnekientzako lau, ogi eta gozogintzentzako lau, haragikientzako bi, ahatekientzako bat, kontserbentzako hiru, eztientzako bat, arrautzentzako bat eta edarientzako (sagardoa, txakolina, ardoa, artisau garagardoak…) bi.
Kokapena antolatzaileek erabakiko dute produktu mota, okupatzen duten espazioa eta momentuko egoera eta baldintzen arabera. Hori bai, aurreratu dute beti ere aukeren “berdintasuneko irizpidea” kontuan hartuko dutela. Era berean, postu eskuratu nahi dutenek zenbait baldintza bete beharko dituzte. Besteak beste, udal baimena izan beharko dute, gizarte segurantzan alta emanda egon beharko dira, baita ordainketetan ere eta baldintza higieniko sanitarioak bete beharko dituzte.