Ezustekorik ez Lekeitioko beteranoen trinkete txapelketako lehen jardunaldian
Atzo [urtarrilak 15] jokatu ziren lehen hiru partidak, Gandiaga anai egungo txapeldunek asko sufritu zuten irabazteko.

10:00etan hasi zen pilotaren hotsa Lekeitioko trinketean, beteranoen VII. esku pilota txapelketa hastear zegoen. Lehenego partiduan Rober bergararra eta Egaña mendaroarra, Erki eta Gojenola bikote lekeitiarraren aurka aritu ziren. Hirunako berdinketagaz gauzak berdintsu hasi zen arren, Bergarra bere sakea aprobetxatzen hasi zenean 15-3 jarri ziren bat-batean. Rober nagusi zen aurreaa, sakea edota sake-errematea baliatuz, eta Egañak maisutasun osoz atzean pilota oso gutxi galduz. Erki eta Gojenolaren lehenengo parte hartzea zen txapelketan eta garesti ordaindu zituzten euren akatsak, baita sakea errestatzeko orduan eduki zituzten ezintasunak ere. Amaieran, 30-11 Rober eta Egaña nagusi.
Goizeko bigarren partiduan, iazko txapeldun Gandiaga anaiek osatutako Berriatuko bikotea, Lander eta Foster lekeitiarren aurka aritu ziren. Partidu oso gogor eta lehiatua izan zen. Berriatuarrak sakea baliatuz hasiera batean 8-0 aurreratu ziren arren, lekeitiarren jokoak nabarmen egin zuen gora ordutik aurrera. Tanto oso gogorrak eta piloteatuak egon ziren, berriatuarren aldeko 24-20 emaitzatik, lekeitiarren aldeko 27-29ra pasatu zen lehia. Hala ere, iazko txapeldunek bere esperientzia baliatuta, azken hiru tantoetan ez zuten pilotarik galdu eta 30-29ko emaitzagaz euren lehenengo garaipena poltsikoratu zuten.

Argazkia: Akarregi pilota elkartea.
Azken norgehiagokan, Beraza-Telleria elgoibartarrek, Latxiondo-Madariaga gernikarren aurka neurtu zituzten indarrak. Kasu honetan, gernikarrak nagusi izan ziren sakea bikain baliatuz eta min handia eginez jokaldi horrekin partidu guztian zehar. Amaieran 30-16 Latxiondo-Madariaga bikotea nagusi.
Gauzak horrela, txapelketaren bigarren jardunaldiko partiduak domekan [urtarrilak 22] 10:00etatik aurrera jokatuko dira. Lehengo partiduan Latxiondo-Madariaga/Gandiaga Anaien aurka arituko dira. Bigarrenean, Lander-Foster/Erki-Gojenola bikote lekeitiarren arteko lehia izango da eta azkenik, Rober-Egaña/Beraza-Telleriaren aurka arituko dira.