Giro ezin hobean eman diete hasiera sanantonei Markina-Xemeingo Barinaga auzoan
Atzo [urtarrilak 15] batez ere auzoko nagusiak izan ziren protagonistak bazkariagaz eta briska txapelketagaz.

Hasi dira Markina-Xemeingo Barinaga auzoko San Anton jaiak, urteko lehenbiziko jaiak. Hain zuzen ere, auzotarrek gogoz harrapatu dituzte. 10:00etan ibilaldian irten ziren auzoko txoko ezkutuak ezagutzeko asmoz, 30 lagun inguru elkartu ziren zortzi kilometroko ibilbidea egiteko. Denentzako ibilaldia izan zen, baita umeentzako ere, eta inguruko baserriak ezagutu ahal izan zituzten. Antolatzaileek parte hartzaile gehiago espero zituzten, baina eguraldiak askorik lagundu. Hala ere, gero, hamaiketakoagaz indarrak berreskuratu zituzten. Mezara bertaratu zirenak ere txikiteoa izan zuten mezaosteko moduan.
Jubilatuak bazkarian elkartu ziren eta ostean briska txapelketa jokatu zen. 22 bikotek eman zuten izena. Irabazleak Amaia Lartitegi eta Juan Mari Larruskain izan ziren, etxera eraman zituzten Unai Iturgintzaren txapelak eta 120 euro. Bigarren Juan Txurruka eta Nieves izan ziren, hirugarren Mari Tere eta Klari eta laugarren Mari Jose eta Eli.

Briska Txapelketako irabazleak. Argazkia: Barinagako Jai Batzordea.
Markina-Xemeindarrek barikura arte [urtarrilak 20] itxaron beharko dute egitaraua luze eta oparoagaz jarraitzeko, “gogotsu gaude” aurreratu dute. Barikuan frontoian elkartuko dira ekintza nagusiak eta zapatuan bertso afaria izango da protagonista nagusia Nerea Ibarzabal eta Andoni Egañagaz.