Eusko Jaurlaritzak Aholku Sareko bulego berria irekiko du Markina-Xemeinen
Bulegoak pertsona migratzaileei aholkularitza juridikoa emateko balio du.
Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea Urretxun zabaldutako bulegoaren aurkezpen ekitaldian egon da gaur [urtarrilak 18] Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuagaz batera eta gainontzeko herrietako ordezkariekin. “Helburu bat daukagu: pertsona migratzaileek beren egoera erregularizatu ahal izatea, lan-merkatuan sartu ahal izateko”, zehaztu du sailburuak.
Urretxu, Tolosa, Markina-Xemein eta Zornotza Atzerritarren arloko Laguntza Juridikoaren Euskal Sarean sartu dira. Aholku Sarea – Atzerritartasunari buruzko Laguntza Juridikoaren Euskal Sareak 28 informazio-gune izango ditu euskal geografian: 10 Bizkaian, 10 Gipuzkoan eta 8 Araban. “Helburua da pertsona migratzaileei beren bizi-exodoaren bide gogorrean laguntzea”. Biltzenek kudeatzen du zerbitzua, zortzi gizarte-erakunderekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru abokatu-elkargoekin batera.
Artolazabalek lan-merkatuan sartzeko oztopo “burokratikoak eta legalak” daudela esan du. Horregatik sortu zen Aholku Sarea: “bidea lege-aholkularitza baten bidez bideratzeko, eta informazioa emateko, partikularrei eta migratzaile-elkarteei ez ezik, Abokatutzako profesionalei ere, arlo horretan dituzten zalantzak argitu behar baitituzte”. Pertsona migratzaileak lan-merkatura sartzeak “guztion onerako” balioko duela esan du sailburuak; izan ere, “administrazio-erregularizazioari esker, lan egin ahal izango dute, eta, beraz, gizarte-laguntzak alde batera utzi, eta bizitza berri bati ekingo diote, beren kabuz moldatzeko”.
Artolazabalek gogorarazi du Migraziorako Euskal Itun Soziala kolektibo horren “desberdintasun- eta urratze-egoerak arintzeko” sortu zela. Eta azaldu duenez, aholkularitza juridikoak garrantzi handiagoa hartzen du une honetan, “erregularizazio-prozesuak tramitatzeko bide ematen duten figura berriak; gizarte-errotzeari lan-errotzea eta prestakuntzakoa gehitu zaizkio” onartu baitira.
“Bistan da Euskadira iristen diren pertsona migratzaileei laguntzeko tresnak, zerbitzuak eta konpromisoa ditugula. Atzerritartasunaren arloko eskumenen transferentzia gauzatzea falta zaigu, Euskal Harrera Ereduari behin betiko forma eman ahal izateko”, esan du. Azkenik, “errefuxiatuentzako makrozentro masifikatuak” auzitan jarri ditu, hala nola Inklusio, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak aldebakarrez iragarritakoa. “Gure ereduak gizarteratzearen alde egiten du, makrozentroetatik ihesi”.
2022ko datuak. Bulego berriak aurkezterakoan, Alholku Sarearen 2022ko jardueraren balantzearen datuak eman ditu Artolazabalek. Alde horretatik, joan den ekitaldian 5.158 kontsulta egin ziren, eta horietatik 3.161 Bizkaian erregistratu ziren, 1.261 Gipuzkoan eta 736 Araban. Gainera, 47 informazio-saio egin zituzten atzerritartasunari eta nazionalitateari buruz, eta 1.455 pertsonak, 810 emakumek eta 645 gizonek parte hartu zuten.