Hotzari aurre egiteko jolasak egin dituzte Munitibarko San Bizente jaietan
Gaur [urtarrilak 21] egun luzea dute aurretik munitibartarrek, gaueko ordu txikietara arte.

Hasi dira Munitibarko San Bixente jaiak. Gaur [urtarrilak 21] goizean egon den hotzari aurre egiteko jai batzordeak antolatutako egitaraua ezin izan da aproposagoa izan. Gorputzak berotu beharra zegoen eta horretarako umeek era guztietako jolasak izan dituzte eskuragarri frontoian. Bizkor hasi dira herriko txikienak kipulak bailitzan azalak kentzen, dena zuten soberan behin alde batetik bestera jolas denak probatzen hasi direnean. Puzgarriak, saskibaloi kanastak, margoak, beisbol baita tiragomak ere, denetarik izan dute, nahieran.
Nagusiek ere gorputza berotu beharra zuten, baina beste modu batera. 12:30ean zuten hitzordua sagardo eta txakolin dastaketa egiteko, arratsalde eta gauerako motorrak berotzeko, azkenean atzerapenagaz hasi da. Aurretik, berriz, gorputza bera berotu beharra izan dute eta asko izan dira saldaren aldeko apustua egin dutena dastaketagaz hasi baino lehen. Hain zuzen ere, egun ea egitarau luzea dute aurretik munitibartarrek.
Bazkaltzeko tartea hartu ondoren, arratsaldean jai giroagaz jarraituko dute. Plazatik hasita, Munitibarko kalerik kale ibiliko dira karro poteora animatuko diren guztiak. Antolatzaileek aurreratu dute Miren G. izango dela musika girotzearen arduraduna. Karro poteoak hasiera eremu berberean edukiko du amaiera, eta zuzeneko musikaren txanda iritsiko da 21:00etan.
Hilbera metal talde markina-xemeindarra izango da taula gainera igotzen lehendabizikoa, eta doinu pisutsuekin hartuko du karpa. Ondoren, Gasteizko Zero taldekoak igoko dira oholtzara. Jarraian, gaueko kontzertu nagusiaren txanda izango da: Kaleko Urdangak. Bergarako, Azkoitiko eta Gernika-Lumoko partaidez osatutako taldeak beren azkeneko lan luzea, Etengabe aurrera, aurkeztuko du. Azkenengo emanaldia DJ Bullena izango da gaurko [urtarrilak 21] egitaraua zarratuz.
Frontoia, epizentro. Biharko [urtarrilak 22], San Bizente Egunean trikiti doinuz alaiturik, pintxoak dastatu ahalko dituzte 12:00etan hara bertaratzen direnek. Arratsaldean, ostera, plazatik pilotalekura mugituko da jaietako fokua. 17:00etan, hain zuzen ere, Lea-Motrollo pilota klubeko gaztetxoen esku pilota partiduak egongo dira han, nagusiak orduko. Enbeitak eta Arrizak osatutako bikoteak Albizuk eta Murugak osaturikoaren kontra neurtuko ditu indarrak 18:00etan. Nagusi mailako esku pilota partidu horregaz emango dituzte amaitutzat San Bizente jaiak Munitibarren.