Pedro Gomezek irabazi du II. Neguko Bolak hiru txirlo txapelketako sailkapen orokorra
Zapatuan [urtarrilak 21] Markina-Xemeingo Barinaga auzoko bolatokian erabaki zen txapelduna.
Markina-Xemeingo MX3T taldeak antolatutako II. Neguko Bolak txapelketak irabazle berria du: Pedro Gomez. Ermuarra izan da bolaririk onena aurten txapelketak izan dituen hiru jardunaldietan; sailkapen orokorrean lehen postuan geratu da Gomez. Hain zuzen ere, hirugarren eta azken jaurtialdian ere Gomez bera nagusitu zen.
Markina-Xemeingo Barinaga auzoko bolatokian jokatu zen txapelketaren azken jardunaldia, San Anton jaietako ospakizunen baitan. 17:00etan hasi zen lehia eta azkenean 51 parte hartzailek izena eman zuten. Hala ere, ume, gazte zein heldu asko izan ziren aurretik bola jokoa probatu nahi izan zutenak.
Barinagakoa bolatoki zaila da eta hori botatako txirloetan nabaritu zen. Pedro Gomez ermuarrak lortu zuen garaipena bost txirlo botata, bigarren Alex Campos eibartarra izan zen lau txirlogaz, hirugarren Iker Arizmendiarrieta markina-xemeindarra beste laugaz eta laugarren Antonio Ibarluzea beteranoa hiru txirlo botata.
Sailkapen orokorrean, hiru jaurtialdietan erregularrenak izan direnak lortu dituzte goiko postuak. Gomez txapeldunak, adibidez, lehen eta hirugarren jaurtialdian nagusituta, guztira 16 txirlo botata lortu du txapela, garaikurra eta Markina-Xemeingo Udalaren eskutik 75 euroko bonoa jaso zuen Mallabiko Udalaren beste 75 eurogaz batera.. Emakumezkoetan, Isana Gorosabel izan da onena bost txirlo botata, Egia Trofeoaken garaikurra eta Boliña Eskabazioaren 50 euro eraman zituen etxera.. Oro har, bigarren Alex Campos izan da hamalu txirlogaz eta 89 urteko Ibarluzea izan da hirugarren eta lehen markina-xemeindarra hamaika txirlogaz, Egia Trofeoaken garaikurra eta Ane Hizkuntzaken 80 euro lortu zituen.
Bidea eginez. Markina-Xemeingo MX3T taldetik II. Neguko Bolak txapelketako balorazio “positiboa” egin dute: “Bataz beste 47 bolarik parte hartu dute hiru jaurtialdietan, eta datu horiek negua izateko oso onak dira. Hori bai, oraindik lan handia daukagu aurretik parte hartzaile berriak aurkitzerakoan, jendeak oraindik uste du federatua egon behar dela jaurtitzeko eta ez da horrela”. Hain zuzen ere, bide hori jorratu nahian, antolatzaileek aurten hiru jardunaldi antolatu dituzte iazko bakarragaz alderatuta. “Batetik, jende berria erakartzea nahi genuen eta horrela izan da. Bestetik, jarraipena eman nahi genion txapelketari, parte hartzaileen arteko lehiakortasuna handitu azken batean, ez bakarrik jaurtialdikoa, baita sailkapen orokorrekoa ere”. Datorren urteari begira formatua errrepikatu nahi dute, argi dute ez dutela handitu nahi, “bestela asko luzatzen baita”.